Gizartea -

Epaia

Ia bi urteko zigorra Gipuzkoako neska bati sexu-abusuak egiteagatik

Auzipetua bizilagunari musu ematen eta gona altxatzen saiatu zen, goizaldean neska etxera itzuli zenean.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtebete eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote gazte bati, bizilagunari (adingabea) sexu-abusuak egiteagatik. Biak bizi ziren etxebizitza-blokeko atarian musu ematen eta gona altxatzen saiatu zen, goizaldean neska etxera itzuli zenean.

Epaiaren arabera, erasoa 2018ko uztailaren 24an gertatu zen, 04:00ak aldera, Gipuzkoako kostaldeko herri batean, auzipetuak bizilaguna "etxera bakarrik itzultzen" ikusi zuenean.

Ebazpenak jaso duenez, erasotzailea neskaren atzetik hasi zen, "oinez", "distantzia zuhur batera baina pixkanaka gerturatuz, atarian bat egiteko".

Eraikinaren atarira sartu ondoren, akusatua gainera joan zitzaion adingabeari, eta "musu bat ematen saiatu zen", baina neska gazteak atzerantz egin zuen hori saihesteko.

Epailearen testuaren esanetan, gizonak esku batekin titiei heldu zien, eta bestearekin, berriz, "gona altxatzen saiatu zen", eta musu emateko beste saiakera bat egin zuen; aldi berean, beheko solairuko "garajera" joateko eskatu zion.

Une horretan, adingabeak "ihes egitea" lortu zuen, eta "eskaileretan gora etxera" joan zen; erasotzailea, berriz, eskailera-buruan geratu zen, eta "gona igotzeko" esan zion.

Epaiaren arabera, gertaera horiek sexu-abusuak dira, eta, ondorioz, urtebete eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eta hiru urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dizkiote akusatuari, eta kalte moralengatik 800 euro ordaindu beharko dizkio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak Sexu erasoak