Gizartea -

Euri denboralea

Jaurlaritzak 'diru-laguntza berriak' martxan jartzea aztertuko du

Legeak ez du aukera hori aurrez ikusten, baina bai diru-laguntzak ematea. Asteburuko uholde historikoen ostean, gaurkoa eta biharkoa egun eguzkitsuak izango dira.

Villabona
Jaurlaritzak 'diru-laguntza berriak' martxan jartzea aztertuko du

01:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguzkia berriz aterako da gaur Euskadin, asteburuan gutxienez heriotza bat, milaka kaltedun eta kalte material handiak utzi dituen euri denboralearen ondorioz.

Euskalmetek jakinarazi duenez, gaurkoa eta biharkoa egun eguzkitsuak izango dira, baina ostegunean beste fronte bat etorriko da eta asteburuan hegoaldeko haizeak joko du.

Horrenbestez, egun hauetan euskal herritarrek arnas hartu ahal izango dute, asteburuan 1983tik izandako uholde larrienak jazo eta gero, batik bat Gipuzkoan.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, legeak ez du aurrez ikusten hondamendi eremuak izendatzea, baina aseguru pribatua ez dutenen kaltedunei diru-laguntzak emango dizkiete.

Rodolfo Aresek esan du iragan asteburuko kalteak "ugariak" izan dira Euskadiko hainbat tokitan. Horregatik, orain kaltetuei "berehala" lagundu behar zaiela nabarmendu du Herrizaingo arduradunak. Aresek azpimarratu du aseguro etxeetan aurkeztuko dituzten kalteen balantzearekin batera "dokumentazio guztia" eraman beharko dutela. Gogoratu duenez, herritarrek kalteen zenbaketa egin behar dute orain, eta, ondoren, erakundeek baloratuko dute laguntzarik jaso behar duten ala ez. Aurreikusitako laguntzez gain, "beharrezkoa balitz", eta aurrekoetan ere "egin dugun moduan", kalte-ordain "berriak" martxan jartzeko aukera aipatu du Aresek. Sailburuaren hitzetan, herritarrek eta Udalek "lehenbailehen" aurkeztu beharko dute kalteen balantzea, laguntzak jaso ahal izateko.

Udalek informazio bulegoak irekiko dituzte gaurtik, kaltedunek izapideak egin ditzaten.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak uholdeek eragindako kalteetan laguntzeko eskura dituen bitarteko guztiekin aritu dela esan du.

Kaltetuei. kalte ordainak lehenbailehen jaso ditzaten, kalteen balantzeak euren aseguro etxeetara bideratzeko eskatu die Larraitz Ugarte diputatuak.

Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari eman ditzaketen diru-laguntzak ahalik eta azkarren bideratzeko exijitu die.

Bien bitartean, herri kaltetuenek hondakinak garbitzen eta kalteak zenbatzen jarraitzen dute.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Larrialdiak Kudeatzeko Legea Aldatzeko Lege Proiektua onartu du gaur. Proposatutako aldaketek larrialdiak kudeatzeko sistema indartzea dute helburu, eta, horretarako, babes zibilerako egitura eta zerbitzuak indartu, eta herritarrekiko harremanak bultzatu nahi dituzte, gaur egun indarrean dagoen sistemaren oinarrizko funtsak aldatu gabe.

30 lagun inguruk oraindik ezin izan dute etxeetara bueltatu Donostian eta udaletxeak ezarritako pisu eta hoteletan pasa dute gaua.

Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek esan du ulergarria dela Martutene eta Txomineko bizilagunen "haserrea". Epe motzean laguntza emango dietela adierazi du alkateak eta "berriz gerta ez dadin lanean jardungo dela" esan die bizilagunei. Horregatik, legegintzaldi honetan beharrezkoak diren proeiktuak martxan jarriko dituela hitzeman du.

Herri zigortuenak Hernani, Astigarraga eta Donostiako Martutene auzoa dira, baina Txomin-Loiola (Donostia), Usurbil, Andoain, Zizurkil, Billabona, Tolosa, Lizartza, Irun eta Hondarribia ere bai.

Iberdrolaren esanetan, argindar zerbitzuko arazo gehienak konponduta daude dagoeneko, baina oraindik argi gabe daude Martuteneko, Hernaniko eta Usurbileko toki batzuetan.

Horrez gain, Donostiako Arantzazuko Ama ikastola publikoak itxita jarraituko du ostiralera arte, euritearen ondorioz jasotako kalteak konpondu arte.

Neurri txikiagoan bada ere, Bizkaian ere arazoak daude oraindik. Kezka nagusia larunbatean Derion desagertu zen emakumea aurkitzea da. Emakumezkoa 66 urtekoa da, 1,66 metro altu da eta ile iluna du.

Getxo normaltasuna berreskuratzen saiatzen ari da, Gobela ibaiak gora egin eta gero, baina Udalak bertan behera utzi du jada larrialdietarako plana. Aurten, 2008ko uholdeetan baino ur gehiago jaso dute, baina kalteak txikiagoak izan dira, ibaia bideratzeko lanei esker.

Mungialdean ere hainbat etxebizitza kaltetu dira, eta Metro Bilbaon gutxienez ostirala arte izango dute itxita Santurtzi eta Portugalete arteko tartea.

Halaber, eguerdian lurjausi bat izan da Muxikan eta, ondorioz, Euskotrenek Zugastieta-Muxika tarteko tren zerbitzua bertan behera utzi behar izan du, Zornotza-Bermeo adarrean. Trenbidea konpondu bitartean, autobus zerbitzua jarri dute.

Barakaldoko Errontegi auzoan harresi bat erori da gaur goizean. Aurretik, auzotarrek horma konpontzeko beharra adierazi zioten Udalari.

Nafarroan, begirada guztiak Castejonen daude gaur goizean, Ega, Arga, Aragoi eta Ebro ibaiek bat egiten duten lekuan.

Nolanahi ere, badirudi egoera ez dela okertuko, euriteek ez ezik, izotzak ere arazoak sor ditzakeen arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea