Gizartea -
Koronabirusa
Goiaren ustez, baliteke taberna eta jatetxeak "asteburu honetan" irekitzea
Ostalariei laguntzeko asmoz, Donostiako Udalak aldaketak egin ditu Gipuzkoako hiriburuko terrazen araudian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Larunbat edo igande honetarako" aurreikusi du Eneko Goia Donostiako alkateak ostalaritzaren irekiera. Halere, argi utzi du LABIren asteazkeneko bileran hartuko duten "erabakiari itxaron beharko diogula".
Gainera, esan du, kutsatze maila oraindik ere altua dela kontuan hartuta, tabernen "kanpoaldeak" aurrerantzean indar handiagoa izango duela. Horregatik, ostalariei laguntzeko asmoz, Donostiako Udalak aldaketak egin ditu Gipuzkoako hiriburuko terrazen araudian.
Astelehen honetan emandako prentsaurrekoan, Goiak adierazi du oraindik ez dakiela zenbat eskaera egin dituzten ostalariek. Horrez gain, azpimarratu du "teorikoki eta teknikoki" ez dakitela noiz irekiko dituzten tabernak eta jatetxeak. "Asteazkeneko bileran hartuko dituzten erabakien zain gaude", erantsi du.
Ildo horretan, aurreratu du terrazen araudian egindako aldaketei esker, bide publikoaren zati handiagoa hartzeko aukera izango dutela ostalariek, terrazak jartzeko orduan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetze aldera.
Era berean, nabarmendu du asmoa dela taberna aurrean terraza jartzeko aukerarik ez duten establezimenduek gertuko beste tokiren batean jarri ahal izatea.
Berogailuak
Bestalde, haizetik babesteko gailuak eta gas berogailuak ezartzeko aukera emango diete ostalariei. Dena den, Goiak esan du Udalak ez duela nahi "instalazio finkoak" egitea "egun batetik bestera neurriak asko alda daitezkeelako".
Bukatzeko, azaldu du, terrazek leku handiagoa hartuko dutenez, aparkatzeko toki gutxiago egongo dela hirian.