Gizartea -

Euskal Herriko Unibertsitatea

EHU da euskal gizarteak gehien baloratzen duen erakundea

Inkestaren emaitzen arabera, dibulgazioa eta jakintzaren transferentzia lehen aldiz hartu dute galdetutakoek unibertsitatearen eginkizuntzat.

EHUko artxiboko argazki bat.
EHU
EHUko artxiboko argazki bat.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHUk irailean egindako inkesta baten arabera, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zein estatu mailako erakunde publiko eta pribatuen artean Euskal Herriko herritarren artean konfiantza maila handiena lortu duen erakundea.

Hori da irailean egin den galdeketa baten ondorio nagusia, erakunde akademikoaren 2016-2019 Komunikazio Plana ebaluatzeko egindako galdeketaren emaitzak ikusita ondorioztatu daitekeenez.

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren operatibo baten baitan egin dute galdeketa, 1.200 inkesta eginez (lurralde bakoitzeko 400). Horri esker, konfiantza maila estatistikoa % 95ekoa da, eta laginketa errore maximoa  % 2,82koa da, gutxi gorabehera.

Ikerketa hau bost urtean behin egiten da, eta 2010ean eta 2015ean egin dute aurretik. Duela bost urte, EHU laugarrena zen euskal herritarren konfiantza handiena zuten erakundeen artean, eta lehendabiziko postuan geratu da oraingoan.

EAEn dauden unibertsitateen artean (Deustu, Mondragon eta Nafarroako unibertsitateak aztertu dituzte) EHU da gehien nabarmentzen dena, bai izenik eman gabe bat-batean galdetuta (% 79,4), bai izenak emanda (% 91,2). Halaber, galdetutakoen % 78,3k Eduardo Chillidaren logotipoa identifikatu eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lotu dute.

EHUk funtsezko eginkizunei dagokienez, herritarren % 96,7k irakaskuntzarekin lotzen dute EHU, eta % 20,4k, berriz, ikerkuntzarekin. Azterlan honetan lehenengoz aipatu dituzte EHUren eginkizunen artean zientziaren dibulgazioa eta jakintzaren transferentzia. Hain zuzen ere, herritarren % 3,3k aipatu dituzte.

Euskal Herriko Unibertsitateak eginkizun horiek betetzeko duen kalitatearen kalifikazioak ere goranzko bilakaera izan du. Nota altua jaso du, 5etik 3,67 lortu baitu, 2015eko puntuazioa hobetuta, orduan 3,28ko nota jarri baitzioten.

EHUk komunikabideetan duen irudiak ere emaitza ona lortu du: "irudia ona" du, galdetutakoen % 55,5en ustez; "irudi neutroa" du, galdetutakoen % 40,2ren esanetan, eta % 4,3k bakarrik uste dute "irudi negatiboa" duela.

Nekane Balluerka errektorearen hitzetan, goranzko joera argia du herritarrek EHUren inguruan egiten duten balorazioak, hobetu daitezkeen alorrak badaude ere. "Euskal herritarrek EHUren kalitatea aitortzen dute, eta balioan jartzen dute irakaskuntza alorrean duen jarduera, baina beste jarduera batzuk (ikerkuntza, dibulgazio zientifikoa eta jakituriaren transferentzia) ere garrantzitsuak direla ikusarazi behar diogu gure gizarteari", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Deustuko Unibertsitatea Nafarroako Unibertsitatea Mondragon Unibertsitatea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Hezkuntza Zientziaren hedapena