Gizartea -

Koronabirusa

EAEko eta Nafarroako datuek hobera egin dute, 519 eta 82 positibo atzeman baitituzte

Ostegun honetan, positibotasun tasak behera egin du, % 5,2ra arte Euskadin, eta intzidentzia-tasak 382,31 kasu izan ditu. Positibotasun tasa % 6koa da Foru Erkidegoan.

Hainbat pertsona kalean, maskara aldean. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona kalean, maskara aldean.
Hainbat pertsona kalean, maskara aldean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEn eta Nafarroan covid-19aren pandemiak eragindako kutsatzeen azken datuek emaitza positiboak utzi dituzte, azken 24 orduetan kasu gutxiago izan baitira eta bi erkidegoetako positibotasun tasak behera egin baitu.

Euskadin, 519 kasu positibo atzeman dituzte ostegun honetan, eta positibotasun tasa % 5 ingurukoa da. Ospitaleratzeek apur bat gora egin dute, 40 ospitaleratze berri izan baitira, eta zainketa intentsiboetako unitateetan ere gora egin du okupazioak: 129 paziente daude, bezperan baino bi gehiago.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa metatuak beherantz jarraitzen du, eta 382,31 kasutan kokatu zen atzo, aurretik 401,3ko tasa izan ondoren. Gainera, Gipuzkoa covid-19aren transmisio-gune gorritik atera da, eta, beraz, EAEko lurralde guztiak 100.000 biztanleko 500 kasutik behera daude 14 egunetan; positibotasun tasak, berriz, behera egin du egun batean, % 6,5etik % 5,2ra, urriaren 9tik izandako ehunekorik txikiena.

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Gipuzkoa eremu laranjan sartu da

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, ostegun honetako datuen arabera, 10.140 proba diagnostiko egin dituzte, bezperan baino 484 gehiago, eta 519 pertsonak eman dute positibo, bezperan baino 113 gutxiagok.

Hala ere, zazpigarren egunez, oinarrizko ugalketa kopuruak (R0, gaixo batek zenbat pertsoan kutsa ditzakeen adierazten duen indizea) gora egin du berriro, eta 0,90ean dago, aurreko buletin epidemiologikoan baino hamarren bat gehiago.

Bizkaiak du kasu berrien kopururik altuena, 208 positiborekin, nahiz eta bezperan baino 88 gutxiago izan. Gipuzkoan, 205 kutsatze izan dira, asteazkenean baino 36 gutxiago.

Araban, 103 positibo zenbatu dituzte, bezperan baino bederatzi gehiago, eta Euskaditik kanpo bizi diren hiru pertsona kutsatu dira, asteazkenean baino bi gehiago.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Adinaren arabera, Euskadin 519 kasu berrietatik 215, 40 eta 64 urte bitartekoen artean daude, eta 109, 19 eta 39 urte bitartekoen artean. 18 urtera arteko biztanleen artean 112 kasu daude, eta 65 urtetik gorakoen artean 83 (horietatik 30, 80 urtetik gorakoen artean).

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasarik handiena 18 urtetik beherakoen artean dago (459,93), eta tasarik txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitartekoen artean (244,52).

Bestalde, EAEko ospitaleetan 40 pertsona ospitaleratu dituzte ostegun honetan, aurreko egunean baino zortzi gehiago, eta gaixotasun hori duten 129 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino 2 gehiago.

Bestalde, Bizkaiko egoitzen sareko hiru erabiltzaile hil dira azken 48 orduetan, eta 108 pertsona hil dira pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik. Gainera, gaur egun 171 egoiliarrek dute gaixotasun hori, aurreko zenbaketan baino hamar gutxiagok.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuaren datuen arabera, ostegunean, 122 erabiltzaile zeuden Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan, positibo emanda, eta beste 22 ospitalean zeuden, koronabirusagatik.

Gipuzkoako egoitzetan lau pertsona hil dira azken orduetan. Gainera, 12 positibo berri baieztatu dituzte, eta beste 12 adineko sendatu dira.

Hiru hildako Donostiako Julian Rezola zentroan izan dira, positibo tasarik handiena duen egoitza: 49. Hiriburuko Sanitas zentroan beste pertsona bat hil da, eta 20 kutsatu daude, Aldundiak jakitera eman duenez.

Gasteizko Alto del Prado-Caser egoitzako 12 adinekok positibo eman dute azken orduetan; dagoeneko 22 kutsatu dira zentro horretan, Arabako Aldundiak jakinarazi duenez.Arabako egoitzetan 31 adineko gaixorik daude, eta 47 langile bajan dira koronabirusarekin edo koarentenan.

Eskola-gelen egoerari dagokionez, 126 ikasgela itxi dituzte ostiral honetan EAEko 64 hezkuntza-zentrotan, aurreko egunean baino bat gutxiago (hau da, eskolen % 0,72), baina ez dago aurrez aurreko hezkuntza-jarduera etenda duen ikastetxerik.

Foru Erkidegoa

Positibo berriak 100 kasutik behera daude berriro Nafarroan, 82 zenbatu baitituzte azken 24 orduotan, 1.360 proba egin ostean (1.028 PCR eta 332 antigeno test), Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera. 

Bezperan baino 43 kutsatze gutxiago zenbatu dituzte ostegunean, baina kontuan izan behar da abenduaren 3a jaieguna izan dela Foru Erkidegoan, eta horrek eragina izan du egindako proben kopuruan: 1.360 egin dituzte, bezperan baino 230 gutxiago. Positibotasun tasa ere jaitsi egin da: % 7tik % 6ra.

Atzo gaixotasun horrekin lotutako bost ospitaleratze berri izan ziren Foru Erkidegoan, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo beste heriotza bat izan zen, 87 urteko emakume bat hil zen, eta aurreko egunetan beste lau pertsona hil ziren, 84 eta 96 urteko bi gizon eta 79 eta 92 urteko bi emakume. Arrazoi honengatik baieztatutako heriotzen kopurua, guztira, 895era iristen da.

Iruñerrian eta Eskualdean positiboen % 61 daude, Lizarran % 10 eta Tuteran % 6. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, bakar batek ere ez du 10 kutsatzeen langa gainditu. Berriozar dago zerrendan lehen postuan, zortzi positibo berri zenbatu baitituzte, eta horren ostean ageri dira Iruñeko Txantrea (zazpi), Arrotxapea eta Iturrama (sei) auzoak eta Atarrabia (lau).

Adin-tarteen araberako kasu berrien banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (% 23) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 20) dira. 45 eta 59 urte bitarteko eta 60 eta 75 urte bitarteko adin-tarteek positiboen % 17 hartzen dute, eta % 13, 15 eta 29 urte artekoek. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea % 10ekoa da.

Kasu berrien batez besteko adina 41,7 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 52 emakumeak dira eta beste % 48 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (SNS-O) jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 148 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 5 gutxiago); horietako 30 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzoko berberak), eta beste 13 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gehiago). Gainerakoak, 105 paziente, gela arruntetan daude.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko txostenen arabera, 40.000koa da Nafarroan, atzo argitaratutako datuen zenbaketan akats bat konpondu ostean.

Guztira 145 ikasle konfinatu dituzte azken orduetan Nafarroan. Haur eta Lehen Hezkuntzako 931 ikasle bakartuta daude etxean; bi ziklo horietan dauden ikasle nafar guztien % 1,50. Bestalde, 45 gela konfinatu dituzte 30 ikastetxetan; bizikidetza-talde egonkor guztien % 1,29.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Nafarroa EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak gaur Medikuak Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea