Gizartea -
Gertaera
Kamioilari batek gorpu bat aurkitu du Altsasun, gidatzen zihoan kamioiaren sabaian
Bidean zihoala (oraindik Frantziako Estatuan) kolpe handi bat entzun zuen. Altsasuko gasolindegi batean gelditu eta gizonezko baten hilotza aurkitu zuen kamioiaren sabaian.
EiTB.EUS
Frantziako Estatutik Nafarroara iritsitako kamioilari batek gizon baten gorpua aurkitu zuen astelehen goizean bere kamioiaren sabaian. Foruzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dionez, atzo jazo zen gertaera, 05:00ak inguruan.
Lehenago, bidean zihoala, kolpe handi bat entzun zuen kamioi-gidariak, baina ez zion aparteko garrantzirik eman. Altsasuko gasolindegi batera heldutakoan, ordea, kamioia goitik behera begiratu eta ustez Frantziakoa zen gizonezko baten hilotza aurkitu zuen ibilgailuaren sabaian. Berehala, larrialdi zerbitzuei jakinarazi zien gertatutakoa, eta Foruzaingoa gasolindegira gerturatu zen.
Oraingoz ez dute argitu nola hil zen gizona. Foruzaingoak Frantziako Poliziaren esku utzi du gertaera, eta horren gaineko ikerketa abiatu dute gendarmeek.