Gizartea -

Wikileakseko fundatzailea

Londresek Julian Assange Suediara estraditatzea baimendu du

Wikileaks webgunearen sortzailearen abokatuek 14 eguneko epea dute Londresko Auzitegi Nagusian erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu ahal izateko.

Julian Assange Wikileakseko fundatzailea auzitegira heldu den unean. Argazkia: EFE
Julian Assange Wikileakseko fundatzailea auzitegira heldu den unean. Argazkia: EFE
Julian Assange Wikileakseko fundatzailea auzitegira heldu den unean. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Londresko Auzitegi Gorenak Wikileaks webguneko sortzaileak Suediara estraditatua izan beharko lukeela erabaki du, bere kontrako karguen inguruan erantzun dezan.

Wikileaks atarian lan egiten zuten bi boluntariori bortxaketa eta sexu-erasoak egin izana egozten diote Assangeri eta Suediako agintariek bere estradizioa eskatu dute. Assangek, hain zuzen, eskaera honen kontrako helegitea ipini zuen, baina Londresko Auzitegiak baztertu egin du.

Londresko epaileen ustez, atxilotze agindu hori eta ondorengo pausoak "proportzionatuak" izan dira, ondorioz, estradizio agindua eta leporatutako delituen deskribapena ez zela "zuzena eta bidezkoa" zioen helegitea baztertu dute.

Suediako Fiskaltzak ustezko hiru sexu-delitu eta bortxaketa bat egozten dizkio Julian Assangeri, bi emakumek 2010eko abuztuan sexu-erasoa jasan zutela esanez jarritako salaketaren ondoren. Assangen abokatuen iritziz, Suediarako estradizio eskaera "ez da bidezkoa, ezta legezkoa ere", eta prozesua politikoa dela salatu dute.

WikiLeaks webguneak AEBek mundu osoan dituen enbaxadetako ezkutuko milaka informazio eman ditu ezagutzera. Interneteko atari horren sortzailea, Julian Assange, 2010eko abenduan atxilotu zuten Londresen Suediako agintariek bere estradizioa agindu ondoren.

Joan den astean, berriz, WikiLeaks denboraldi baterako itxi dutela jakinarazi zuten finantza arazoak direla medio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea