Gizartea -
Koronabirusa
512 kasu berrirekin EAEn eta 66rekin Nafarroan, positibotasuna % 5aren bueltan dabil
81 kasu berri ziren atzo Araban, 217 Bizkaian eta 209 Gipuzkoan eta positibitate-tasa % 5,5ekoa izan zen EAEn, eta eremu gorritik ateratzea lortu du. Nafarroan, berriz, % 4,8koa da tasa hori.
EITB.EUS
Atzo, 9.268 COVID-19 froga diagnostiko egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan eta horietatik 512 positiboak izan ziren (% 5,5), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Lurraldeka, 81 kasu berri atzeman ziren Araban, 217 Bizkaian, 209 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako 5 kasu ere bai.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 27 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 132 pertsona ZIUn daude arrazoi hau dela eta.
Udalerriz udalerriko kasuak eta R0 indizea astelehenean eguneratuko dira.
Gaurko datuekin, EAE COVID-19aren transmisio-gune gorritik atera da, urriaren 24an sartu zen lekutik, hain zuzen ere. Izan ere, 14 egunetan pilatutako tasa 100.000 biztanleko 500 kasutatik jaitsi da.
Osasun Saileko iturriek azaldu dutenez, pilatutako tasa hori 481,07koa da orain EAEn, eta hiru lurraldeetatik Gipuzkoa baino ez dago 500etik gora.
Nafarroan, berriz, COVID-19aren 66 kasu positibo berri atzeman zituzten larunbatean, aurreko egunean baino gutxiago, 105 kutsatze atzeman baitziren orduan.
Atzo 1.369 proba egin zituzten (1.129 PCR eta 240 antigeno test), eta, ondorioz, positibotasun tasa % 4,8koa da, Nafarroako Gobernuaren behin-betiko datuen arabera.
Astean zehar, Foru Erkidegoak 141 kasu erregistratu zituen astelehenean, 106 asteartean, 141 asteazkenean, 162 ostegunean, 105 ostiralean eta 66 kasu larunbatean. Datu pozgarri gisa, atzokoa da hiru hilabetean ematen den kopururik txikiena.
Bestalde, 78 urteko gizon bat hil zen atzo, eta aurreko egunetan bi heriotza gehiago izan zirela jakinarazi zuten: 92 eta 97 urteko gizonezko bat eta emakumezko bat, hurrenez hurren. Guztira, 873 pertsona hil dira Nafarroan.
Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten atzo positibo berrien % 57, Lizarraldean % 15 eta Tuteran % 13. Gainerako positiboak ( % 15) Nafarroan banatuta egon dira.
Adin-tarteen arabera, 15 eta 29 urte bitartekoak eta 30 eta 44 urte bitartekoak izan ziren talde nagusiak ( % 25), ondoren 45 eta 59 urte bitartekoak ( % 16) eta 75 urtetik gorakoak ( % 13). Ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea, % 12rekin, eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea, % 9rekin.
Gaur egun, 180 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino hiru gehiago), horietako 35 ZIUn daude (bi gutxiago) eta beste 15 etxean ospitaleratuta (bat gehiago). Gainerakoak, 130 paziente, plantan daude.