Gizartea -
Ertzaintza eta Udaltzaingoa
Sei pertsonak osatuko dute EAEko poliziaren "kontrol" Batzordea
Batzorde hori Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruan eskubideak urratu direla adierazten duen edozein jokabide edo praktika aztertzeaz arduratuko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak "Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea" osatuko duten sei pertsonak izendatu ditu. Batzorde horren ardura Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren barruan eskubideak urratu direla adierazten duen edozein jokabide edo praktika aztertzea izango da, ofizioz nahiz alderdi batek eskatuta.
Joaquin Gimenez Garcia Auzitegi Goreneko magistratu emeritua, Javier Hernaez Manrique eta Miren Ortubay Fuentes abokatuak, Estefania Ocariz Psikologia doktore eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea, Jose Antonio Nieto Anton eta Ricardo Egiguren Mendieta dira Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak proposatutako sei pertsonak.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta lehendakariordeak Kontseiluaren bilera zuzendu zuen asteazken honetan Erandion (Bizkaia).
Bertan, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, EAEko segurtasun publikoaren sisteman esku hartzen duten erakunde guztiak daude ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, EUDEL, Gobernu zentralaren Ordezkaritza, Abokatutzako Euskal Kontseilua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EAEko Auzitegi Nagusia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia.
Kontseiluak oniritzia eman dio eta sei pertsona horiek izendatzea proposatu dio Gobernu Kontseiluari, "Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea" osa dezaten. Kide anitzeko organoa da, eta autonomia funtzionala du polizia erakundearekiko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekiko.
EAEko poliziari buruzko Legearen babespean, batzorde horrek Eusko Jaurlaritzaren "konpromisoari" erantzuten dio, "herritarren legitimitatea eta konfiantza indartzea poliziaren jardueraren gaineko kontrolen neutraltasunean eta objektibotasunean", Jaurlaritzaren arabera.
Batzorde horrek "beti aztertuko ditu esku-hartze edo operatibo polizial baten testuinguruan edo zaintza polizialean pertsona baten heriotza edo lesio larriak gertatu diren gertakariak".
Gainera, "jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu, poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide ereduak edo jardunbide errepikariak identifikatu".
Batzordeak presidente bat eta bost kide izango ditu. Sei kideen artean aukeratuko dute presidentea. Izendapena bost urterako egingo da, eta bi aldiz baino ezin izango da berritu iraupen bereko aldietarako.
Batzordekideek ez dute inolako ordainsaririk jasoko beren lanengatik, "bidezko zerbitzuengatiko kalte-ordainei kalterik egin gabe", eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan berariazko partida bat jasoko da, batzordeak bere lanak egin ahal izan ditzan.