Gizartea -

Koronabirusa

COVID-19 kasuen "beherakada handia" aurreikusi du Osasun Sailak datozen egunetarako

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak berretsi du datuek "beheranzko joera" hartu dutela, eta badaudela "baikor" egoteko arrazoiak, "nahiz eta zuhurtziaz jokatu behar dugun".

Hiru pertsona Bilboko metroko geltoki batetik ateratzen. Argazkia: EFE (artxiboa)
Hiru pertsona Bilboko metroko geltoki batetik ateratzen.
Hiru pertsona Bilboko metroko geltoki batetik ateratzen. Argazkia: EFE (artxiboa)

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailaren arabera, pandemiaren bilakaera "ona" da Euskadin, COVID-19 kasuek beheranzko joera hartu baitute, eta bide berari eutsiko omen diolako datozen egunetan ere.

Horixe da, hain zuzen ere, Iñaki Berrando Osasun sailburuordeak Legebiltzarrean asteazken honetan esan duena. Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera, agerraldia egin du pandemiaren bilakaeraren nondik norakoak argitzeko. Azken orduetan % 5,6an kokatu da positibo tasa Euskadin, urriaren 13az geroztik izan den maila txikienean. Guztira, 693 kasu zenbatu dituzte.

Hala eta guztiz ere, Berrandok onartu du iragan asteko hildako kopurua (97) handia dela, bigarren olatuan astebetean izandako kopururik altuena baita. Ildo horretan, aitortu du zaila izango dela zifra horiek hobetzea.

"Datuek hobera egin dute nabarmen", sailburuordearen hitzetan, besteak beste, kutsatzeek behera egin dutelako eta positibo tasa ere jaitsi delako. "Baikor egoteko moduko albistea da, baina zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar dugu, ospitaletako presioa ez baita asko hobetu", azaldu du.

Sagardui, bestalde, arratsaldean Espainiako Gobernuarekin egingo duten bilerari buruz mintzatu da. Txertatze estrategia zehaztea eta Gabonei begira plan bat egituratzea du helburu hitzordu horrek. Sanchezen gobernuak asteartean proposatu zuen jada data horietan familiarteko bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea, eta Gabon eta Urtezahar egunetan gaueko mugikortasuna 01:00a arte luzatzea.

Horri erantzunez, erkidegoekin hitz egin aurretik proposamena komunikabideetara zabaldu izana kritikatu du Sagarduik. "Arinegi egindako gisa horretako iragarpenekin litekeena da herritarrek indarrean dauden neurriak betetzeko gogo gutxiago erakustea", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak