Gizartea -
Koronabirusa
Hezkuntzak Fiskaltzara eraman du Trokonizko eskola, musukorik ez erabiltzeagatik
Astelehenean eten egin zuten aurrez aurreko hezkuntza Trokonizko Geroa Eskolan, hainbat positibo atzeman ostean. Azken datuen arabera, 36 dira COVID-19ak jotako ikasle eta irakasleak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hezkuntza Sailak Fiskaltzari jakinarazi dio, antza denez, Trokonizko (Araba) Geroa itunpeko eskola pribatuan ez dutela maskararik erabiltzen. Ikastetxe hori itxita dago astelehenetik, hainbat COVID-19 kasu atzeman dituztelako bertan.
Azken datuen arabera, 36 dira COVID-19ak jotako ikasle eta irakasleak, nahiz eta horietako bakar batek ere ez duen sintoma larririk, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman duenez.
Haren esanetan, ikasturte hasieran ere abisua jaso zuen eskola horrek COVID-19ari aurre egiteko protokoloan ez zuelako musukoaren erabilera derrigortu. Hezkuntzaren ohartarazpena jaso ondoren, baina, "zuzendu" egin zuten protokoloa, baina Jaurlaritzak gaur bertan esan du, dirudienez, berriro hautsi dituztela arauak.
Egoera horren aurrean, Fiskaltzara eraman dute "auzia", horren gaineko erabakiak har ditzan. Bildarratzek onartu du arauak bete ez dituzten beste ikastetxe batzuetan baino "zailagoa" izaten ari dela kudeaketa zentro horretan.
"Diru-laguntzak jasotzen dituen itunpeko eskola batek legea bete behar du", berretsi du sailburuak. Halaber, gogora ekarri du ikasturte honetan hiru zentro itxi behar izan dituztela pandemia dela eta: bat Soraluzen, beste bat Eibarren eta azkena Trokonizen. Kasu horretan, ikasle guztiak dira kutsatutako pertsonen gertuko kontaktuak. Horregatik, eskola guztia konfinatu behar izan dute.