Gizartea -

AHT-ren aurkako kolektiboa

Barcinaren 'irudiari kalte egin' nahi ziola adierazi du Mugituk

"Pastelak botatzea munduan erabili ohi den protestatzeko eta salatzeko modu" bat da, eta "izaera komikoa" duela defendatu du Mikel Alvarez kolektiboko bozeramaileak.

Ezezagun batzuek bi tarta bota zizkioten Barcinari ekitaldi batean. EITB
Ezezagun batzuek bi tarta bota zizkioten Barcinari ekitaldi batean
Mugituk dio ez ziotela Barcinari min fisikorik eman nahi

00:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugitu AHTren aurkako kolektiboak bere gain hartu zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen kontra egindako ekintza. Barcinaren kontra hiru pastel bota zituzten ekintzaileek. Protestarekin indarkeriarik bilatzen ez zutela azaldu du gaur Mugituk, Barcinaren "irudiari kalte egitea" baizik. Izan ere, Nafarroako buruzagia Piriniotako Lan Komunitateko (CTP) agintaria da.

Espainia eta Frantzia lotuko dituen Abiadura Handiko Trenaren korridorearen aurka ekintza ezberdinak egin ditu Mugituk, EAEn eta Nafarroan ezaguna den kolektiboak. CTPk AHTko lanak babesten ditu eta Tolosan (Frantzia) osoko bilkura egin zuen atzo. Barcina datozen bi urteetan erakundeko presidente izango da.

Mugituko zenbait kide sartu ziren bileran, horietako hiruk Barcinaren aurka pastelak bota zituzten. Bi pastelek Barcinaren aurpegian jo zuten. Mikel Alvarez kolektiboko bozeramailearen hitzetan, ekintzak "ez zuen indarkeriarik bilatzen, agintariaren irudiari kalte egitea baizik".

Zentzu horretan, "pastelak botatzea munduan erabili ohi den protestatzeko eta salatzeko modu" bat da, eta "izaera komikoa" duela defendatu du Alvarezek. Bozeramaileak azaldu duenez, ez zuten zauririk eragin nahi eta ekintza "normaltasunez" hartu zuten Tolosan. Izan ere, "arazorik gabe" alde egin zuten ekintzaileek.

Ekintzaileak Iruñeara gaur heldu direnean hiru pertsona atxilotu ditu Foruzaingoak, Barne Departamentuko iturriek jakitera eman dutenez. Hala ere, Mugituk bi atxiloketa baino ez ditu baieztatu: Julio Villanueva eta Ibon Garcia, agintarien aurkako eraso delitu bat egotzita.

Bestalde, "ezker abertzalearen mehatxuaren tea estortsioaren" aurrean, "herrialdeari benetan axola zaiona defendatzeko indar asko" duela adierazi du gaur Barcinak, "ezker abertzaleak atzo bezala eraso egiten duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea