Gizartea -

Langileen eskubideak

Guraso bakarra den ama bati 24 asteko baimena ematea ebatzi du EAEko Auzitegiak

Guraso bakarra den ama batek beste gurasoari zegokion zortzi asteko baimena berari ematea eskatu zuen, baina ez zioten eskaera onartu. EAEko Auzitegi Nagusiak langilearen alde egin du orain.

Ama bat haurra besoetan duela. Artxiboko argazkia
Ama bat haurra besoetan duela.
Ama bat haurra besoetan duela. Artxiboko argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, langile batek guraso bakarreko familia osatzen duenean 24 asteko baimena hartzeko eskubidea dauka, haurraren jaiotzagatik eta zaintzagatik berez dagozkion 16 asteak eta beste gurasoari dagozkion zortzi asteak, hain zuzen ere.   

2019ko ekainean, emakume batek haurra izan zuen, guraso bakarreko familia osatuz. 16 asteko amatasun baimena erabili ostean, beste zortzi asteak hartzea eskatu zion Gizarte Segurantzari, baina honek atzera bota zuen eskaria.

ELA sindikatuak auzitegira jo zuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak langilearen aldeko epaia eman du orain, Gizarte Segurantzari zortzi asteko baimena eman diezaiola aginduz. Fiskaltzak helegitea jarri du ebazpenaren aurka.

ELAk azaldu duenez, epaimahaiak uste du baimen hori aitortu ezean, guraso bakarreko familietako umeek bi guraso dituzten haurrek baino babes gutxiago dutela, arreta eta zaintzaren ikuspuntutik; izan ere, guraso bakarreko familietan, haurrek ama edo aitaren zaintza 16 astez jasotzen duten bitartean, gainerako umeek denbora hori zortzi aste gehiagoz jasotzen dute.  

Amatasun eta aitatasun baimenak helburua umea babestea dela kontutan hartuta interpretatu behar direla esan du epaimahaiak, eta zortzi asteko baimena ukatuz gero, guraso bakarreko familiak eta emakumeak diskriminatuak izango liratekeela ohartarazi du.   

ELAren esanetan, "ebazpen honek genero ikuspegi nabarmena dauka, guraso bakarreko familia gehienak emakumeek osatzen dituztelako".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Gurasoak