Gizartea -
Osasuna
Osakidetzak % 20 murriztu du bronkiolitiserako botiken erabilera
Bronkiolitis akutua 2 urtetik beherakoei eragiten dien gaixotasuna da, eta ez du tratamendurik. Gaixotasun horren kasu gehienak ez dira larriak, eta bi edo hiru astean sendatzen dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak % 25etik % 5era murriztu du bronkiolitis akutua tratatzeko botiken erabilera; gaixotasun horren ondorioz, urtero 4.500 kasu artatzen dira lehen mailako arretan, eta 3.000 pediatriako larrialdietan; azkenean, 500 bat ospitaleratze izaten dira.
Bronkiolitis akutuak 2 urtetik beherakoei eragiten die, eta eztula, sudur-mukositatea, sukarra eta arnasteko zailtasuna eragiten ditu. Bizitzako lehen urtean, haurren % 20k, gutxi gorabehera, bronkiolitisa izango du.
Aurten, bronkiolitis akutuaren epidemiak (ipar hemisferioan azaroan hasten da) bat egingo du COVID-19aren pandemiarekin, antzeko sintomak eragin ditzakeena.
Hala ere, hego hemisferioko herrialdeetan bronkiolitis izurritea ohi baino txikiagoa izan da, ziurrenik COVID-19aren kontrako prebentzio-neurrien ondorioz, Osakidetzak jakitera eman duenez.
Gaixotasun horren kasu gehienak ez dira larriak, baina haurraren eta bere familiaren bizi-kalitatea oztopatzen dute luzaroan; izan ere, birus batek eragiten duenez -arnas birus sintzitialak (VRS) -, ez du tratamendurik.
Neurri eraginkorrenak adingabearen erosotasuna areagotzen dutenak dira, hala nola sudur-jariakinak garbitzea eta antitermikoak ematea sukarra izatekotan. Bi edo hiru astean sendatzen da, eta ospitaleratzen dituzten haurrek bakarrik behar dituzte arnasa hobeto hartzeko aparatuak.
Haurrei ematen zaien osasun-arreta hobetzeko eta beharrezkoak ez diren botikak erabiltzea saihesteko, Osakidetzak "Bronquiolitis akutuaren ibilbide asistentzial integratua" diseinatu du, eta, horri esker, osasun-langileek gaixotasun horren aurrean egiten duten lana bateratu ahal izan da.
Gida horrek, gainera, botiken erabilera murrizten lagundu du, bronkodilatadoreena kasu. Izan ere, 2019-2020 kanpainan artatutakoen % 25 erabiltzetik % 5 erabiltzera pasa ziren.