Gizartea -
Heriotza
Angel Mari Unzueta hil da, euskarazko irratigintzaren aitzindarietako bat
Gainera, Bilboko Elizbarrutiko bikario jeneral ohiak bake eta bizikidetzarekin konpromisoa agertu zuen.
eitb.eus
Angel Mari Unzueta Bilboko Elizbarrutiaren bikario jeneral ohia larunbatean zendu zen 67 urte zituela, Bilboko Apezpikutzak ohar batean jakitera eman duenez.
"Angel Unzueta atzo joan zen bat-batean, agur esateko denborarik gabe eta bihotz askotan hutsune handia utziz, maitatzea oso erreza zelako, beti irribarretsu, umoretsu, eskatzen zionari laguntzeko prest; Bizkaiko Elizan eta gizartean itzal handia utzi duen presbiteroa", azpimarratu du Bilboko Elizbarrutiak.
Azaldu duenez, Unzuetak "azkenera arte lagundu zuen Elizbarrutiko Komunikabide Alorrean", ostiral honetan bertan audio bat grabatu zuen Alkarren Barri aldizkariarentzako, "Bizkaia Irratian, hain zuzen ere, urteetan zehar bultzatu eta lagundu zuen irratian".
Zentzu horretan, "euskarazko irratiaren aitzindarietako bat izan zen Herri Irratiatik", nabarmendu duenez. "Beti zioen bezala, bere bigarren bokazioa- aurrena presbiteroa izan delako beti- kazetaritza zen”, erantsi du Elizbarrutiak ohar batean.
Bestalde, bake eta bizikidetzarekin konpromisoa agertu zuen. Horrela, Bake eta Elkarbizitzarako Bilboko Foroko kide izan zen. Durangon jaio zen duela 67 urte, eta Urkiolako santutegian meza ematen zuen igandero.
Oro har kirolzalea zen, pala jokalaria eta mendizalea. Athletic eta Borussia Dortmund taldeetako jarraitzaile sutsua zen.
Historia eta Geografia ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean (1977), baita Teologia ere (1979). Era berean, doktoretza egin zuen Ruhreko (Bochum. Alemania) Unibertsitatean. Ikasketa eklesiastikoak egin zituen Erromako Unibertsitate Gregorianoan (1992-1993). Bilboko Elizbarrutiaren bikario jenerala zen 2006tik.
"Behar gehien zeukatenekin gertutasuna" erakutsi zuela nabarmendu du Urkulluk
Iñigo Urkullu lehendakariak bere atsekabea agertu du Unzuetaren heriotzagatik, eta nabarmendu du "gertutasuna" erakutsi zuela "beti behar gehien zeukatenekin elkartasuna eta konpromisoa ere".
Lehendakariak doluminak helarazi dizkie Unzuetaren hurbilekoei. "Pertsonaren bizitza duna eta denon arteko bizikidetza ziren bere ibilbidearen jomugak, pakegintzan aritutakoa, beti ere fedearen eta konpromisoaren bidea jorratuz", idatzi du Urkulluk.