Gizartea -
Arrigorriaga
Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, mailukada batez beste gizon bat zauritzeagatik
Ustezko erasotzaileak antzeko ekintzengatik aurrekari polizialak ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Arrigorriagako Udaltzaingoak 37 urteko gizon bat atxilotu dute Arrigorriagan (Bizkaia), asteartean eztabaida batean mailukada batez beste gizon bat zauritzeagatik.
Segurtasun Sailaren arabera, liskarra astearte arratsaldean jazo zen, Arrigorriagako Atxukarro industrialdean, eta bi gizon aritu ziren elkarrekin eztabaidan.
Ertzainak eta Udaltzaingoak bi gizonak bereizten saiatu ziren. Horietako batek zauri bat zuen buruan odoletan, eta Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan zuten, liskarra izan zen tokian bertan artatu ostean.
Ertzaintzak bi gizonen eta hainbat lekukoren testigantzak entzun eta gero, 37 urteko gizona atxilotu zuen. Aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik.