Gizartea -
Osasun Batzordea
Asteartean abiatuko du Kongresuak normaltasun berriaren dekretuari buruzko eztabaida
Hain zuzen ere, alderdiek aurkeztutako zuzenketen eztabaida abiatuko dute, maskarentzako eta PCR probentzako diru publiko gehiago bideratzeari uko egin ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteartean hasiko dute Kongresuan "normaltasun berriaren dekretuarekin" lotutako lege proiektuaren eztabaida. Koronabirusagatik ezarritako lehenengo alarma egoera bukatu zenean, ekainaren 9an, onartu zuten dekretu hori. Orain, alderdiek aurkeztutako zuzenketen eztabaida abiatuko dute, maskarentzako eta PCR probentzako diru publiko gehiago bideratzeari uko egin ostean.
Lege horren nondik norakoak aztertuko dituen Osasun Batzordearen taldea asteartean bilduko da, 10:30etik aurrera, alderdi ezberdinek aurkeztutako zuzenketak aztertzeko asmoz.
Halere, oposizioaren zuzenketetako batzuk baztertu egin dituzte dagoeneko, PPk, Voxek eta Ciudadanosek aurkeztutakoa esaterako. Hiru alderdi horiek eskatu zuten maskaren eta PCR proben BEZa jaistea edo horiei zuzendutako diru publikoa ugaritzea.
Kongresura igorritako idatzietan, Espainiako Gobernuak azaldu du proposamen horiek onartzeak aurrekontuen gainkostua ekarriko lukeela, eta Konstituzioak ahalbidetzen dion beto gaitasunaz baliatuta, uko egin dio zuzenketa horiek Ganberan eztabaidatzeari.
Zehazki, PPk aurkeztutako proposamenari erantzun dio horrekin. Popularrek galdegin zuten enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntza ekonomikoak ematea maskarak erosteko eta beharginei PCR probak egiteko.
Horrek ekarriko lukeen gastu zehatza jakitea zaila dela iritzita, Gobernuak gutxi gorabeherako kalkulua egin du, "Hiru milioi enpresa txiki eta ertain eta horietan lan egiten duten 10 milioi pertsona daudela kontuan hartuta, egunean behargin bakoitzari bi musuko emateak 2.024 milioi euroko gastua ekarriko luke", adierazi du Gobernuak.
PCRei dagokienez, kontuan izanda proba bakoitzak 18 euro balio duela, aldi bakoitzeko 180 milioi euro bideratu beharko lituzkete.