Gizartea -

KORONABIRUSA

Basaras: "Ostalaritza ixteak ez du ezertarako balioko, orain etxean biltzen bagara"

EHUko mikrobiologoaren iritziz, neurriak berandu datoz. EAEn egoera "oso larria" dela, eta "ardura" eskatu du. "Ez dugu asko ikasi lehen olatutik", gaineratu du.

Miren Basaras, EHUko mikrobiologoa.
Miren Basaras, EHUko mikrobiologoa.
Miren Basaras, EHUko mikrobiologoa.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren kutsatzeak eteteko Eusko Jaurlaritzak asteon ezarri dituen neurri murriztaileak berandu datozela uste du Miren Basaras EHUk mikrobiologoak. "Lehenagotik behar genituen neurri zorrotzagoak", esan du.

EAEn bizi den egoera "oso larria" dela nabarmendu du, koronabirus kasu positiboen "hazkundea esponentzialki" ematen ari delako azken asteotan. Ondorioz, gaineratu du, "geroz eta ospitaleratu gehiago daude" eta "geroz eta jende gehiago ari da hiltzen". Gainera, erietxeetan dagoen lan-kargak "eragin zuzena du COVID-19a ez duten gainerako gaixo guztiengan".

Radio Euskadiko 'Cronica de Euskadi Fin de Semana' saioan egindako elkarrizketan, zorrotz kritikatu du "neurriei muzin" egiten dieten herritarren jarrera, "kutsatzeak zabaltzea ahalbidetzen" ari direlako.  Basarasek uste du gizartearen zati batek ez duela "benetan hartu" osasun krisiaren arazoa. "Ez dugu asko ikasi lehen olatutik", zehaztu du. Horregatik, neurriak zaintzen ari ez direnei zuzendu zaie, zertan ari diren ondo hausnartzeko eskatuz.

Ostalaritzaren itxieraz galdetuta, neurri hori erangikorra izatea espero duela adierazi du EHUko adituak, baina neurriok ondo betetzen ez badira, gehiago etorriko direla ohartarazi du. "Ostalaritza ixteak ez du ezertarako balioko, orain festak egiteko etxean biltzen bagara", gaineratu du. Erabateko konfinamendurik ez egotea espero duela ere esan du, "oso gaizki gaudela esan nahiko baitu horrek".

Bestalde, telelanaren alde agertu da, herritarren joan-etorriak ahalik eta gehien murrizteko.

Neurri zorrotzak "denbora tarte laburrean" ezarrita, eraginkorrak izan daitezkeela esan du, baina ondoren, "egun batetik bestera egoera ez dela bere onera etorriko ere kontuan hartu behar da". Neurri zorrotzak hartzeak bezainbesteko garrantzia du "ondoren,  arau horiek pixkanaka leuntzen eta kontrolatzen joateak". "Hori da, hain justu, joan den udan egin ez genuena", zehaztu du.

Ate-joka dauden Gabonen aurrean, berriz, "bereziak" izango direla "mentalizatu" beharko dugula nabarmendu du. Bizikide ez diren senitartekoekin ez biltzeko aholkatu du, eta kaleko lagun arteko "poteoak" ahazteko. Aurreikuspenen arabera, abenduaren amaieran kutsatze tasa oso altua izango dela iragarri du.

Txertoa ere izan du hizpide mikrobiologoak, eta arlo horretan egiten ari den lana izugarria dela esan du. Halere, "ez dezagun pentsatu txertoa berehala etorriko denik". Aurrez, txertoen eraginkortasuna "ondo probatu" behar da eta  iristen denan ere, "ez dira aldi berean milioika dosi iritsiko herritar guztiak aldi berean txertatu ahal izateko".

Azkenik, zientzialariek eta agintariek denbora eskatzen dutenean datozen pare bat urteei buruz ari direla zehaztu du Basarasek, "2021 eta 2022 urteei buruz ari gara". Oraingoz, txertoak noiz iritsiko diren ez dakitela esan du, eta lasaitasuna eskatu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Zientzia Euskadi Irratia Irrati programazioa Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Munduko Osasun Erakundea