Gizartea -
Bide segurtasuna
Gasteizko Iturritxu kalean bi abiadura radar paratuko dituzte
Neurgailuak Adurtza ikastolaren parean kokatuko dituzte, Campo de los Palacios eta Miguel Mieg artean. Oinezkoen joan-etorri handikoa da eremua.
EITB.EUS
Gasteizko Udalak bi radar kabina jarriko ditu Iturritxu kalean, errei berria duen tartean abiadura kontrolatzeko. Neurgailuak ikastolaren parean kokatuko dira, oinezko semaforodunen bi pasabideen artean eta Campo de los Palacios eta Miguel Mieg artean. Oinezkoen joan-etorri handiko guneak dira horiek.
"Bide segurtasun neurri horren bidez, kalea are gehiago lasaitzea espero dugu2, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak.
Udalak ohar batean jakinarazi duenez, erabakia iragarri diete auzotarrei, eta bidearen beste lau puntutan abiadura aztertu ostean hartu dute. Trafiko Zerbitzuaren neurketen arabera, ibilgailuen % 83k gehieneko abiadura-seinaleak errespetatzen dituzte inguruan, baina % 17k araudiak ezarritako mugak gainditzen dituzte.
Radar bakarra jarri beharrean, zati osoa lasaitzea eta abiadura neurgailuaren parean moteldu ondoren ibilgailuek berriro azeleratzea saihestea da bi radar jartzeko erabakiaren helburua.
Gasteizko Udalak zirkulaziorako beste errei bat egokitu du berriki Iturritxu kalean, Esmaltacionesetik Izardui Komandantearen kalearekiko bidegurutzeraino, Mendizorrotzerantz. Zati horretan aparkalekuak zeuden, eta horien ordez beste leku batzuk jarri dira inguruan. Neurriari esker, Esmaltacioneseko biribilgune berrian sortzen den trafikoaren intentsitatea arindu da. Gasteizko Trafiko Zerbitzuak jaso dituen azken datuen arabera, une honetan 21.000 ibilgailu igarotzen dira leku horretatik egunean, bereziki lanerako joan-etorrien orduetan.