Gizartea -
Inxer-Toro operazioa
14 atxilotu Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, kalamu trafikoa egotzita
100 milioi euroko balioa zuten haziak atzeman ditu Guardia Zibilak laborategi batean. Operazioa 2018ko azaroan abiatu zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Legez kanpoko kalamu ekoizpen, banaketa eta salmentan ari zen sarea desegin du Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian. 14 pertsona atxilotu eta 100 milioi euroko balioa zuten haziak atzeman ditu laborategi batean.
Inxer-Toro operazioa 2018ko azaroan abiatu zuten. Arabako Guardia Zibilak eta Gipuzkoako eta Nafarroako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak aurrera eraman dute operazioa. Lurralde horietan 12 etxebizitza eta bost industria-nabe miatu dituzte.
Gainera, beste zortzi pertsona ikertzen ari dira, hiru segurtasun kutxa eta 12 milioi euroko 126 kontu korronte blokeatu dituzte, baita 9 milioiko balioa duten 55 etxebizitza eta 207.000 euro atzeman ere.
Hasiera batean, susmagarrien enpresa jardueran irregulartasun ugari topatu zituzten poliziek. Kalamua ekoizteko beharrezko baliabide guztiez gain, posta eta sare sozialen bidez laborantzarako tutorialak zabaltzen zituztela konturatu ziren, baita aholku pertsonalak eman ere.
Era berean, garatutako marihuana mota ezberdinen berri emateko bideoak sare sozialetan zabaltzen zituzten. Ondoren Espainian zein nazioartean merkataritza elektronikoaren bidez saltzen zituzten.
Sareak laborariak zituen Gipuzkoan eta Nafarroan, kalamu mota ezberdinen uztak lortzeko.
Irailaren 15, 16 eta 17an polizia-operazioa aurrera eraman zuten bi lurraldeetan. Guardia Zibilak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak 11 kalamu-sail atzeman zituzten, 2.100 landare baino gehiago, baita hazi ugari ere.
Laborategia Donostian
Miaketetako batean teknologia berrienarekin prestatutako laborategi bat aurkitu zuten, Donostian. Marihuana mota ezberdinen kontrol genetikoa eta manipulazioa egiten zuten bertan.
Hazien garapen genetikoa aurrera eramateko “programa sakona” egiten ari ziren laborategian. Lan hori bukatuta, ekoizpen masiboari ekiten zioten.
20 milioi hazi
Munduko txoko ezberdinetako 20 bat milioi kalamu hazi atzeman dituzte laborategian, 100 milioi euro baino gehiagoko balioarekin.
Argindarra ere legez kanpo lortzen zuten, sarearen mozkinak areagotzeko; izan ere, haziak inolako kosturik gabe hazten zituzten.