Gizartea -
Gertakaria
Pertsona bat hil da Gasteizen, bi kamioik eta auto batek talka eginda
Hildako pertsona kamioietako batean zihoan, eta momentuan hil da. Zauritu diren bi pertsonetako bat haurdun dago, autoa gidatzen zegoen istripua izan denean.
Erredakzioa
Pertsona bat hil da eta beste bi zauritu dira, bi kamioik eta auto batek talka eginda, 14:30ean, N-1ean, Gamarra herrian, Gasteizen, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Hildako pertsona kamioi bateko gidaria zen, eta momentuan hil da. Zauritu diren bi pertsonetako bat haurdun dago, eta autoa gidatzen zegoen istripua izan denean.
Beste pertsona zauritua Gasteizko Santiago ospitalera eraman dute, eta trausmatismoak ditu gorputzeko hainbat zatitan.
Herrizaingo Sailetik jakitera eman dutenez, kamioietako batek su hartu du talkaren ondorioz, eta suhiltzaileen hainbat auto bertaratu dira sugarrak itzaltzeko. Anbulantziak ere joan dira istripua izan den lekura.
Istripuak N-1 errepidea ixtea eragin du, bai Irungo noranzkoan baita Madrilekoan ere. Ertzaintza N-240tik ari da zirkulazioa desbideratzen.
Zama handiak altxatzeko bi garabi ere bertaratu dira bi kamioiak errepidetik kentzeko.