Gizartea -
BERRIKUNTZA
Euskarazko azterketak modu elektronikoan egiteko aukera eskainiko du HABEk
Hainbat ikaslek azterketak modu elektronikoan egin ahal izango dituzte lehen aldiz, HOBE sistemaren bidez. Momentuz, BECen egiten ari diren probetan soilik eskaini da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
HABEk antolatutako euskara maila egiaztatzeko azterketen bigarren deialdiak nobedade aipagarria izango du, hainbat ikaslek azterketak modu elektronikoan egin ahal izango baitituzte lehen aldiz, HOBE sistemaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jakinarazi duenez.
Astelehen honetatik asteazkenera arte, 8.200 pertsonak egingo dituzte probak B1 (deialdi irekia), B2 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat) eta C2 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat) mailetarako. Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), Gasteizko Buesa Arenan eta Donostiako Kursaalean egiten ari dira probak.
Azterketak modu elektronikoan egiteko aukera C1 eta C2 mailetako deialdi irekietako azterketariei eskaini zaie, oraingoan BECen egiten ari diren probetan baino ez. Garapenaren lehen fase honetan, 320 lagunek egin dute HOBE sistemaren aldeko apustua (sistemak 1.200 lagun ere onar zitzakeen lehen fase honetan).
Helduen euskalduntzeaz eta euskaltegien sarea koordinatzeaz arduratzen den HABE erakundeak sistema hori era gradualean hedatu nahi du, onuragarria izango delakoan ikasleen ikuspuntutik zein antolakuntza aldetik.
Jokin Azkue HABEko zuzendariak sistemaren abantailak aipatu ditu: "Euskara maila egiaztatzeko prozesuaren digitalizazioan aurrera egiteko aukera ematen digu, eta ikuspuntu guztietatik onuragarria delakoan gaude. Alde batetik, herritar gazteenak hobeto moldatzen dira ordenagailuaren bidez: azkarrago idazten dute, ezabatzeko aukera ematen die. Bestetik, sistema honen bidez arinago egiten da zuzenketa prozesua; adibidez, ez da beharrezkoa erredakzio guztiak eskaneatzea".
"Hala, sistema hau arrakastaz zabaltzen bada, deialdi gehiago azterketari gutxiagorekin egin ahal izango dira urte osoan zehar, eta hori onuragarria izango da ikasleentzat", gaineratu du.
HOBE sistemaren abantailak
HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) sistema aplikazio bat da, iaz modu pilotuan abian jarri zena. 2020ko bigarren deialdian hasi da ezartzen era ofizialean, C1 eta C2 mailetara mugatuta.
Funtsean, euskarazko hizkuntza gaitasuna ziurtatzeko tresna digitala da, eta ikasleen eskura jartzen ditu probak egiteko beharrezkoak diren baliabide informatiko guztiak, bai eta baliabide pertsonalak ere, probak behar bezala egiten direla ziurtatzeko. Aplikazioak ahozko eta idatzizko ulermen ariketak eta idatzizko proba egiteko aukera ematen du, baina ahozko azterketa modu tradizionalean egingo da, hau da, aurrez aurre eta bi aztertzailerekin.