Gizartea -
SEXU-ERASOA
Bi gazte atxilotu dituzte Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik
Aurrekari penalak dituzte atxilotuek eta une honetan Ertzaintzaren eskuetan daude, epailearen aurrera eramateko zain.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
22 eta 23 urteko bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, taser pistola bat erabili zuten mehatxu egiteko.
Asteazken arratsaldean gertatu zen erasoa emakumearen etxean. Prostituzioan aritzen da emakumea, eta bezero izan nahi zuela zioen gizon baten deia jaso zuen. Zehazki hitzordurik zehaztu ez bazuten ere, bere etxean agertu zen gizona. Behin barruan, taser pistola atera zuen eta harekin mehatxu eginda, bortxatu egin zuen.
Sexu-erasoaren ostean, gazteak dirua eta bitxiak lapurtu zizkion eta etxeko atea ireki zuen lagun bat sartu zedin. Hark etxe guztia arakatu zuen eramateko gauza gehiagoren bila.
Etxetik ihes egin zutenean, Ertzaintzari deitu zion biktimak eta horiek osasun zentro batera eraman zuten.
Ikerketari jarraiki, ustezko egileak ezkutatzen ziren etxea topatu eta atzo atxilotu zituen Ertzaintzak. Askatasun sexualaren kontrako delitu bat eta beldurra eraginez lapurreta egitea egozten diete.
Aurrekari penalak dituzte atxilotuek eta une honetan Ertzaintzaren eskuetan daude, epailearen aurrera eramateko zain.