Gizartea -

AITATASUN BAIMENA

Frantziako Gobernuak 28 egunera luzatuko du aitatasun baimena 2021eko uztailean

Ikerketa baten emaitzen ondotik datorren erabakia da. Izan ere, neuropsikiatra baten arabera, 14 egun ez dira nahikoa haurraren eta aitaren artean lotura bat sortzeko.

Haurtxo baten oinak. CCO lizentzia duen irudia
Haurtxo baten oinak
Haurtxo baten oinak. CCO lizentzia duen irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gobernuak 14 egunetik 28 egunera luzatuko du aitatasun baimena, 2021eko uztailetik aurrera. Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak gaur iragarriko du ofizialki erabakia, haurrak babesteko zentro batera egingo duen bisitan.

Ikerketa baten emaitzen ondotik dator aldaketa. Boris Cyrulnik neuropsikiatrak haurraren bizitzako lehen 1.000 egunen inguruan egindako azterketak ondorioztatu duenez, 14 egun ez dira nahikoa haurraren eta aitaren artean lotura bat sortzeko.

Gobernuak "errotik" amaitu nahi du desberdintasunekin, eta, bide batez, Europan "alor horretan aitzindari" diren beste herrialdeen pare jarri.

Erreformak eragina izango du 2021eko Gizarte Segurantzako aurrekontuetan. Kopuruei erreparatuta, Frantziako Gobernuak gastua ia bikoiztu egin beharko du 2021ean, eta hirukoiztu 2022an. Egungo 260 miloi euroko gastua 780 miloi eurokoa izango da hemendik bi urtera.

2002an ezarri zuten lehen aldiz aitatasun baimena Frantzian, 11 egunekoa. Neurria indarrean sartzen denean, aitak gutxieneko egun batzuk hartzera behartuko ditu Gobernuak (astebetera arte). Are gehiago, 7.500 euroko isuna jaso lezake ugazabak uko eginez gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana albisteak Frantzia bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Frantziako presidentea azken ordukoa Umeak albisteak Gurasoak albisteak Frantziako Gobernua