Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Irakasle batek positibo eman du Donibane Lohizuneko Urdazuri eskolan
Jean-Marc Morau zuzendariak iragarri duenez, eskolak zabalik jarraituko du familien egoera errazte aldera, eta harrera zerbitzua eskainiko dute, Udalarekin batera.
EITB.EUS
Donibane Lohizuneko Urdazuri eskolako irakasle batek positibo eman du eta hainbat irakasle koarentenan izango dira, koronabirusa duen irakaslearekin harreman estua izan baitute.
Ikastetxean positibo bat atzeman ondoren horrelako kasuetarako aurreikusitako protokoloa berehala jarri zuten abian, eta osasun agintariek, Hezkuntza Zerbitzu Nazionaletako zuzendari akademikoarekin batera, "harremanen zerrenda" zehaztu zuten.
Jean-Marc Morau zuzendariak jakinarazpen baten bidez adierazi duenez, "Estatuan indarrean dagoen osasun protokoloari men eginez, ikasleen aurrean une oro errespetatu dira osasun-neurriak, eta, hortaz, ikasleak ez dira gertuko harreman gisa hartuko".
Hala ere, zuzendariaren arabera, hainbat irakasle harreman estu gisa hartu dituzte, eta indarrean dagoen protokoloari jarraituz, horietako askok koarentena egin beharko dute, kutsatuta ez daudela frogatu arte.
Jean-Marc Morauren esanetan, eskolak zabalik jarraituko du familien egoera errazte aldera, eta, Udalarekin elkarlanean, irailaren 7tik aurrera harrera zerbitzua izango da ikastetxeko lokaletan. Bertan, harreman estuen zerrenda horretan ez dauden irakasleak eta udal langileak arituko dira. Eskolaz kanpoko zerbitzuek, bestalde, ez dute inolako aldaketarik izango.
Zuzendariaren hitzetan, hezkuntzaren ohiko jarraipena bermatuko da eskolan, eta datozen egunotako xehetasun guztiak ikastetxearen blogaren bidez eskainiko dituzte.
Azkenik, Jean-Marc Morauk bai eskola barruan bai eskolaz kanpo osasun-neurriak errespetatzearen garrantzia azpimarratu du.