Gizartea -
Araba
Adingabe batek pairatutako talde-bortxaketa ikertzen ari dira Gasteizen
Zazpi adingabe egongo lirateke erasoarekin lotuta: horietako bost ikertzen ari da Ertzaintza, eta beste bi, ordea, ezin dituzte auzipetu, 14 urtetik beherakoak direlako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
17 urteko gazte batek pairatutako sexu-erasoa ikertzen ari da Adingabeen Fiskaltza Gasteizen, izan ere, zazpi adingabe egongo lirateke erasoarekin lotuta, Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen "aspaldi", Gasteizen adingabe batek sexu-erasoa salatu ostean, eta izapideak Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi. Iturri ofizialek ez dute jazoeraren xehetasunik eskaini.
Bestalde, "El Correo" kazetak argitaratu duenez, sexu-erasoa duela hilabete gertatu zen Gasteizko zonalde berde batean. Biktimak 17 urte ditu, eta zazpi adingabe egongo lirateke delituarekin lotuta. Horietako bost ikertzen ari dira, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita, eta gainerako biak ezin dituzte inputatu 14 urte baino gutxiago dituztelako.
Adingabeen zentro batera eraman dute gutxienez ikertuetako bat, erregimen erdi-irekiarekin, eta beste lauri urruntze-agindua eta biktimarekin harremanean jartzeko debekua ezarri dizkiete. Errugabe direla eta baimendutako sexu-harremanak izan zirela diote akusatuek.