Gizartea -
Bilbo Intermodala gunea
Ateak ireki ditu Bilboko San Mames unibertsitate egoitzak
351 ikaslerentzako tokia izango du, banakako eta binakako logeletan banatuta. Gainera, ikasketa gelak, jantokia, kafetegia, garbitegia, aisialdirako aretoak eta kirola egiteko gunea izango ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unibertsitateko ikasleei ostatu emateaz arduratzen den Greystar taldeak Termibus autobus geltoki gainean dagoen San Mames unibertsitate egoitza inauguratu du asteazken honetan. Ikasturte honetatik aurrera, 351 plaza eskainiko ditu egoitza horrek, banakako zein binakako logeletan banatuta. Eraikin berean, ikasketa gelak, jantokia, kafetegia, garbitegia, aisialdirako aretoak eta kirola egiteko lekua izango ditu.
Unibertsitateko ikasleentzako egoitza ez ezik, hotel bat, merkataritza-gune bat eta 500 ibilgailurentzako aparkalekua izango ditu Bilbo Intermodala guneak.
Irekiera ekitaldian, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Greystar taldeko zuzendari nagusi Juan Acosta eta Amenabar enpresa eraikitzaileko presidente Luis Amenabar izan dira. Ekitaldi ofiziala bukatutakoan, egoitza bisitatu dute guztiek.
Aburtok unibertsitate egoitza berriaren garrantzia azpimarratu du. "Etorkizunerako nahi dugun Bilbo gazte eta unibertsitario baten aldeko apustuan urrats bat gehiago da", esan du. Bilboko alkateak nabarmendu duenez, pauso horrek argi uzten du birusak ez gaituela geldituko eta ez dituela "hiri gisa ditugun ilusioak" zapuztuko.
Egoitza berriko logelei dagokienez, ohea, armairua, idazmahaia, wifi konexioa eta bainugela izango dute guztiek. Gainera, logelan bertan sukaldea izateko aukera izango dute ikasleek. Gela guztiak argitsuak dira, eta Basurtuko Ospitalea edo Termibus plaza ikus daiteke leihoetatik.
Bestalde, ikasketa gelak, jantokia, kafetegia, garbitegia, vendinga, eguzkia hartzeko terraza, aisialdirako aretoak eta kirola egiteko gunea izango ditu. Eraikina 24 orduz egongo da zabalik.