Gizartea -
Koronabirusa
Hiru adineko hil dira Bizkaiko egoitzatan eta beste bat Gasteizko zentro batean
Pandemiaren bigarren oldea hasi zenetik, 17 adineko hil dira Bizkaiko erresidentziatan. Halaber, Hernaniko zentro batean beste bi kasu positibo antzeman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko adinekoen egoitzetan hiru egoiliar hil dira azken orduetan, eta 17 dira guztira COVID-19arekin hil direnak pandemiaren bigarren boladan. Gainera, 114 egoiliar daude kutsaturik, azken zenbaketan baino 75 gutxiago. Langileen artean, ordea, gora egin du kopuruak; izan ere, 95k eman dute positibo, eta 88 isolatuta daude, oraindik COVID-19a duten edo ez konfirmatzeko zain.
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Bizkaian baimena duten 155 erresidentzien sarean —10.748 pertsonarentzako lekua dute—, zortzi zentrok dute egoiliarren bat kutsatuta: Truiuondo-Zamudio (11), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (27), Elorduy-Barrika (30), Ballesol-Bilbao (7), IFAS Elorrio (21), Albiz Santiago Llanos-Sestao (11), DomusVI Miraflores-Bilbao (5), Fundación Miranda (1) eta Avellaneda-Sopuerta (1).
Positibo eman duten 114 pertsona daude egoitzetan, azken zenbaketan baino sei gehiago, eta ospitaleetan, berriz, 17 daude, azken orduetan baino bat gehiago.
Birjinetxeko unitate espezializatuan, berriz, 88 pertsona daude. Horietako 63 adinekoen egoitzetako egoiliarrak dira, eta gainerako 25ak ospitalean egon ostean ahul dauden pertsonak dira.
Pandemia hasi zenetik, Bizkaiko erresidentzietako 1.646 egoiliar sendatu dira.
Era berean, azken orduetan hiru pertsona hil dira COVID-19arekin Bizkaiko egoitzetan; beraz, bigarren oldean 17 egoiliar hil dira guztira.
Bestalde, 95 langilek dute koronabirusa, azken zenbaketan baino bederatzi gehiagok, eta 88 isolatuta daude, emaitzen zain.
Beste adineko bat hil da Gasteizen
Horrez gain, Gasteizko Txagorritxu erresidentzian adineko bat hil da azken orduetan eta beste batek positibo eman du Etxebidea egoitzan, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.
Oraingoz, Arabako agerraldirik larriena Zuiako zahar-etxean dago. 28 pertsona daude koronabirusarekin, 25 adineko eta hiru langile.
Guztira, bi adineko hil dira Arabako egoitzetan, eta zazpi kutsatu dira. Halaber, Gasteizko Tagore erresidentzia pribatuan hiru pertsona kutsatu ziren joan den astean.
ELA sindikatuak bilera eskatu dio Foru Gobernuari, "zahar-etxeetan bizi duten egoera larriari premiazko irtenbideak berehala emateko neurriak aztertzeko".
Bi positibo gehiago Hernaniko egoitza batean
Gipuzkoako erresidentzien kasuan, beste bi positibo antzeman dute Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan. Hortaz, guztira, bederatzi pertsona daude kutsatuta lurralde horretako erresidentziatan.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du 32 langile daudela koronabirusarekin gaixorik.
Donostiako Garate San Inazio Anaia zentroan sei adineko daude COVID-19ak jota; eta Hernaniko zahar-etxean, hiru.
Bi erresidentzia horietan bertan behera utzi dituzte bisitak. Gainerako egoitzetan, ostera, egoiliarrek egunean pertsona baten bisita izan dezakete.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 445 positibo gehiago izan dira Euskadin azken orduetan.