Gizartea -

COVID-19

Goranzko joera argia erakusten dute Osakidetzako ZIUko datuek

Maiatza amaieran ia 200 pertsona zeuden ZIUn ospitaleratuta; egun, 33. Zifra hori ezin da pandemiaren lehen oldeko datuekin konparatu, baina gorakada iraunkorra eta kezkagarria da.

Osasun langileak Zainketa Intentsiboko Unitatean. Argazkia: EFE
Osasun langileak Zainketa Intentsiboko Unitatean
Osasun langileak Zainketa Intentsiboko Unitatean. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denboran luzatzen eta mantentzen ari den etengabeko gorakada bizitzen ari gara pandemiaren bigarren olatu honetan. Hala erakusten du ZIUn COVID-19ak jota ospitaleratuta dauden pertsona kopuruaren bilakaerak, Osakidetzak EiTBri eskainitako datuen arabera. Datuok, gainera, oso arin egin dezakete okerrera.

Maiatza amaieran ia 200 pertsona zeuden ZIUn ospitaleratuta; egun, 33. Ez da pandemiaren lehen boladan izandako bezalako datua; halere, gorakada iraunkorra eta kezkagarria da. Izan ere, hazkunde hori oso nabarmena da uztailaz geroztik izandako datuei erreparatuta: uztailaren 20ko astean ez zegoen COVID-19a zuen gaixo bakar bat ere ez ZIUn; abuztuaren 28ko astean, berriz, 26.

ZIUn ospitaleratzeak

Osakidetzak zabaldutako beste datu deigarrietako bat ZIUn ospitaleratutako gaixoen batezbesteko adina da. Apirilean ZIUn sartzen ziren pertsonen batezbesteko adina 64 urtekoa zen; abuztuan, berriz, 56 urtekoa. Hortaz, pandemiaren bigarren olde honetan pertsona gutxiago ospitaleratzen badituzte ere, gaixoen adinak behera egin du, hau da, gazteagoak dira.

ZIUn ospitaleratzeak

Epe laburrean kolapso arriskurik gabe

Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko medikuak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "ez dago osasun kolapsoa egoteko arriskurik", baina, ohartarazi du kutsatuen kopurua oso azkar egiten ari dela gora, batez ere bi arrazoiengatik: konfinamendua "modu okerrean egiten ari direlako edo zuzenean betetzen ez dutelako".

Beraz, oso garrantzitsutzat jo du PCR proben emaitzen zain gauden lehen istantetik etxean isolatzea, eta, noski, PCR horrek emaitza positiboa ematen duenean isolamendua zorrotz betetzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa