Gizartea -

KORONABIRUSA

Irteerak eten dituzte Donostiako eta Lasarte-Oriako adinekoen lau egoitzatan

Horrez gain, Gipuzkoako Diputazioak astebetez luzatuko du Mutrikuko eta Azpeitiko egoitzetako irteeren etenaldia, eta eguneko zentroak ere itxita mantenduko dira.

Adinekoen egoitza bat. Argazkia: EFE.
Adinekoen egoitza bat. Argazkia: EFE.
Adinekoen egoitza bat. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak "10 egunez" bertan behera utzi ditu Lasarte-Oriako Atsokabar zaharren egoitzetako eta Donostiako hiru zentrotako (Aldakoenea, La Paz eta Alai-Etxe) erabiltzaileen irteerak, COVID-19aren kutsatzeen bilakaeraren ondorioz.

Gizarte Politiketako Sailak ohar baten bidez jakinarazi du ez dela kutsatze berririk izan Gipuzkoako 65 adinekoen egoitzetako egoiliarren artean. Horrenbestez, sei dira une honetan gaixo dauden pertsonak. Kutsatutako egoiliar guztiak Donostiako Hermano Garate-San Ignacio zentroan bizi dira. Zentro horretan zenbatu dira pandemiaren bigarren oldean adinekoen artean izandako kasu positibo guztiak.

Pertsona horietako bi ospitaleratuta daude, eta beste laurak Eibarko ospitalean daude, egoitzetatik eratorritako eta koronabirusa duten pazienteak artatzeko prestatutako instalazio soziosanitarioan.

Abuztuaren 11tik, bi pertsona hil dira COVID-19ak kutsatuta, biak ere Donostiako egoitza horretako egoiliarrak.

Hala ere, "egunero eremu bakoitzean jarraipen zehatza" egiten ari direla azaldu du Aldundiak. Horretarako, erreferentzia modura hartu dute udalerri eta auzo bakoitzeko biztanle kopuruari begira azken zazpi egunetan izandako kasu positiboen ratioa.

Irizpide horiei jarraiki, Lasarte-Orian eta Donostiako Egia eta Bidebieta auzoetan dauden egoitzetako erabiltzaileen irteerak ere bertan behera uztea erabaki du Aldundiak.

Horrez gain, astebetez luzatuko da Mutrikuko eta Azpeitiko egoitzetako irteeren etenaldia, eta eguneko zentroak ere itxita mantenduko dira.

Hala ere, datorren astelehenetik aurrera, Azpeitian erroldatuta dauden senideek egoitzara joateko baimena izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa Azpeitia Gaixotasunak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Lasarte-Oria argazkiak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur Egoitza geriatrikoak Mutriku azken ordukoa COVIDaren agerraldiak gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak