Gizartea -
Koronabirusa
Gizon bat atxilotu dute Burlatan, maskara jartzeari uko egiteagatik
Gizonak maskara jartzeari uko egin zionez, tokian bertan atxilotu zuten, une horretan agenteak iraindu eta haien aurka oldartu zen. Agintaritzari aurre egitea eta desobeditzea egotzi diote.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak eta Burlatako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu dute herri horretan, maskara jartzeari uko egin eta agenteen eskaerei bortizki erantzun zielako. Hori dela eta, desobedientzia eta erresistentzia delituak leporatu dizkiote, Espainiako Poliziak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Gertakariak Burlatako establezimendu batean jazo ziren, bezero batek maskara jartzeari uko egiten ziolako. Hala, denda horretako arduradunek Burlatako Udaltzaingora deitu zuten, eta gertatutakoa azaldu ostean patruila bat bertaratu zen.
Alabaina, gizonak maskara jartzeari uko egin zionez eta indarkeriaz erantzun zuenez, udaltzainek Espainiako Poliziaren laguntza eskatu zuten. Gauzak horrela, gizona atxilotu zuten, une horretan agenteak iraindu eta haien aurka oldartu zelako.
Arrazoi horregatik, beraz, agintaritzari aurre egitea eta desobeditzea egotzi diote gizonari.