Gizartea -
Trafiko istripua
Azpeitian asteartean izandako istripuaren lekuko bila dabil Ertzaintza
22 urteko motor-gidari bat hil zen. Zehazki, 13:00ak aldera gertatu zen istripua, Landeta auzoan, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla eta.
Agentziak | Erredakzioa
Asteartean Azpeitian (Gipuzkoa) auto baten eta motor baten artean izandako istripu larriaren lekuko bila dabil Ertzaintza. Gertakaria GI-2634 errepidean jazo zen, Elgoibarrerako noranzkoan, bi ibilgailu horiek elkarren aurka talka egin zutenean. 22 urteko motor-gidaria tokian hil zen.
Zehazki, 13:00ak aldera gertatu zen istripua, Landeta auzoan, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak direla eta, Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Unitateak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Hori dela eta, laguntza eskatu die ezbeharraren tokian izan ziren lekukoei.
Testuinguru horretan, gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak, baina ezbehar horren inguruko datuak eman ditzaketen lekukoen laguntza behar du. Hala, lagungarri izan daitekeen daturen bat izanez gero, atestatuekin kontaktuan jartzeko eskatu dute, 943 53 91 25 telefonoan.
Hildakoa Azpeitiko bizilaguna zen, eta Suzuki moto bat eta Chrysler 300C auto bat dira istripua izan zuten bi ibilgailuak. Autoaren gidaria Donostiako Ospitalera eraman zuten zaurituta.