Gizartea -
SUTEA
160 hektarea inguru kiskalita eta 16 ospitaleratu, Angelun izandako sutean
Suteak 160 hektarea inguru kiskali ditu, 11 etxe kaltetu dira eta 5 erabat erre dira.
EITB.EUS
Sei bizilagun, bederatzi polizia eta suhiltzaile bat ospitaleratu behar izan dituzte kea arnasteagatik ostegun arratsaldean Angelun piztutako sutean. Sutea kontrolpean dago, baina oraindik itzali gabe jarraitzen du.
Sutea osteguneko 18:30 aldera piztu zen, Orok Bat estadiotik gertu, eta bertatik Xibertako basoa zeharkatu eta kostaldera gerturatu zen. Sutearen arriskua dela eta, 100 bizilagun inguruk beren etxeetatik atera behar izan zuten. Angeluko Udalak kiroldegi bat prestatu zuen haientzat.
France Bleu irratiaren arabera, Izadia parke ekologikoa erabat kiskali du suteak, eta etxeez gain, talasoterapia zentro bat eta zalditegi bat ere hustu dituzte, besteak beste.
150 suhiltzaile, 60 polizia eta zazpi osasun langile aritu dira tokian lanean, eta hamarnaka ibilgailu eta bi hegazkin erabiltzen ari dira egun argitan, sua itzaltzen laguntzeko.
Sutea kontrolpean dago jada, baina 160 hektarea inguru kiskali ditu, 11 etxe kaltetu dira eta bost erabat erre dira.
Claude Olive Angeluko alkateak gertatutakoa deitoratu du, suteak herriko ondare naturalaren zati handi bat suntsitu baitu.