Gizartea -

Istripuak

Bi txirrindulari larri zauritu dira Hernanin eta Deban izandako bi istriputan

Ezbeharrik larriena GI-340 errepidean gertatu da, Hernani eta Goizueta artean. Auto batek txirrindulari bat harrapatu du, Ertzaintza ikertzen ari den arrazoiak tarteko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi txirrindulari larri zauritu dira ostegun arratsaldean, Hernanin eta Deban izandako bi trafiko istriputan.

Ohar batean Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharrik larriena GI-340 errepidean gertatu da, Hernani eta Goizueta artean, 1,9. kilometroan.

Auto batek txirrindulari bat harrapatu du, Ertzaintza ikertzen ari den arrazoiak tarteko. Kolpearen ondorioz, txirrindulariak konortea galdu du.

Berehala, istripua gertatu den lekura bertaratu dira Hernaniko Udaltzaingoa, Ertzaintza eta anbulantzia bat, eta 54 urteko txirrindularia larri eraman dute Donostia Ospitalera.

Bigarren istripua ere txirrindulari eta ibilgailu baten artean gertatu da. Kasu honetan, 13:35ean, 64 urteko gizon bat zauritu da, N-634 errepidean, furgoneta baten kolpea jasota. Deba-Itziar eta Zumaia arteko errepidean jazo da, hain justu, ezbeharra. Txirrindularia anbulantzian eraman dute Donostia Ospitalera, baina azken honek ez du konorterik galdu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Gipuzkoa Hernani Gizartea Eguneko albisteak Deba Albisteak Errepideko istripuen biktimak