Gizartea -
Erasoa
Gizon bat atxilotu dute, Irungo anbulatorioan egindako mehatxu eta kalteengatik
05:00ak aldera izan du Ertzaintzak jazotakoaren berri. Ordu horretan, atxilotutako gizona anbulatorioan indarrez sartzen saiatu da, sarrerako ateko kristala hautsita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
32 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Irunen, herriguneko anbulatorioan kalte "larriak" eragiteagatik eta sendagile bat, zaindari bat eta erizain bat mehatxatzeagatik. Horiek guztiak gela batean sartu behar izan dira, Ertzaintza iritsi bitartean.
Osasun Sailak jakitera eman duenez, 05:00ak aldera izan du Ertzaintzak jazotakoaren berri. Ordu horretan, atxilotutako gizona anbulatorioan indarrez sartzen saiatu da, sarrerako ateko kristala hautsita.
Zenbait patruila ezbeharra gertatu den lekura bertaratu dira, eta atea hautsita zegoela ikusi dute. Gainera, odol arrastoak aurkitu dituzte. Azkenean, atxilotutako gizonarekin egin dute topo. Honek odola zeukan eskuetan, eta ordenagailuak, telefonoak, inprimagailuak eta paperak lurrera botatzen ari zen, agentek harrapatu dutenean.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, zauriak artatu ostean, eta datozen orduetan deklaratuko du epailearen aurrean.