Gizartea -

Koronabirusa

Aztarnari gehiago jartzea eta udalak kontuan hartzea eskatu du EH Bilduk

Urduña, Ordizia eta Urkabustaizko alkateek Jaurlaritza kritikatu dute, pandemiari aurre egiteko erabakiak "udalekin hitz egin gabe hartzen dituelako”.

Urkabustaizko, Ordiziako eta Urduñako alkateak. Argazkia: EFE
Urkabustaizko, Ordiziako eta Urduñako alkateak.
Urkabustaizko, Ordiziako eta Urduñako alkateak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urduñako, Ordiziako eta Urkabustaizko alkateek (EH Bildu) Eusko Jaurlaritza pandemiaren kudeaketa udalak kontuan hartu gabe egiten ari dela eta, ondorioz, "abandonatuta" sentitzen direla salatu dute. Halaber, 70 aztarnari gehiago jartzea eta eguneko zentroak irekitzeko plan bat lantzea eskatu dute.

Adur Ezenarro, Itziar Biguri eta Xabier Alvarez de Arcaya Ordizia, Urduña eta Urkabustaizko alkateek, hurrenez hurren, agerraldia egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritza koronabirusaren harira egiten ari den kudeaketari buruz EH Bilduk gobernatzen duen udalen iritzia ezagutarazteko.

Birusa berriro zabaltzen ari dela eta, kezka adierazi dute eta Jaurlaritzak udalerriak kontuan hartzen ez dituela kritikatu dute. Edonola ere, elkarlanerako prest daudela esan dute eta bi proposamen egin dituzte: aztarnari taldea indartzea eta pertsonen zaintzari lotutako neurriak berrezartzea, hain zuzen ere.  

Nekane Murga Osasun sailburuaren arabera, 180 pertsona ari dira aztarnari lanetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EH Bilduko karguek ohartarazi du zifra hori ez dela nahikoa, Alemaniako ratiora heltzeko 562 aztarnari behar direlako.

"Guk ez dugu kopuru horretara berehala heltzea exijituko, baina premiazkotzat jotzen dugu gutxienez 70 aztarnari gehiago izatea; izan ere, aztarnariak, udalekin elkarlanean, ezinbestekoak dira kutsatzeen katea gelditzeko", azaldu dute.

Udalak "abandonatuta eta bakarrik" ari direla salatu dute

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak ixteko hartu duen erabakia gogor kritikatu dute. "Familientzat oinarrizko zerbitzuak dira eta euren eskumenetik harago joanda eta udalen eskumenen gainetik itxiera agindu dute", deitoratu dute.  

Zentro horiek berriro irekitzeko plana berehala egiteko eskatu dute, egoitza bakoitzeko eta udalerriaren osasun egoera aintzat hartuta eta baldintzak hobetuz.

Udaleku publiko guztiak ixteko agindua ere kritikatu dute eta udalekuak tokian tokiko egoeraren arabera berriro irekitzeko beste plan bat lantzea galdegin dute.  

"Sarritan esan dugu: elkarlana eta gardentasuna behar ditugu. Elkarlanean aritzea ezinbestekoa da, baina erakunde bakoitza bere esparruan aritu behar da", azpimarratu dute.   

"Gu arduraz ari gara gure udaletan lanean, baina bakarrik ari garela eta abandonatuta gaudela uste dugu. Ez dugu baliabide nahikorik eta, batez ere, ez dugu informazio nahikorik jasotzen egoera honi aurre egiteko", kritikatu dute.

Hala ere, "konfiantzaz ari gara lanean eta konfiantza hori Jaurlaritzarengandik jasotzea ere eskertuko genuke, horrela eraginkorragoak izango garelako pandemiaren aurrean", ziurtatu dute.

EH Bilduko alkateen esanetan, udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, baina Eusko Jaurlaritzak "bigarren mailako administraziotzat erabiltzen ditu".

"Udalekin hitz egin gabe aginduak ematea edo udalen iritzia jakin gabe erabakiak hartzea ez da eraginkorra", ohartarazi dute. "Aldebakartasunetik ezin zaio krisi honi aurre egin, horixe bera aurpegiratu zion duela gutxi Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi”, gogoratu dute.  

"Okerrena udazkenean etorriko bada, gauzak beste era batera egin behar ditugu; bizitakoaz ikasi egin behar dugu eraginkorrak izateko", nabarmendu dute.  

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Osasun albisteak Urduña Koronabirusa