Gizartea -
COVID-19
"Neurri zorrotzak" eta "jairik ez" Madalen egunean
Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek mezu bateratua kaleratu dute, Madalen egunean jende multzoak eragozteko. Elantxobeko alkateak azaldu duenez, portua "erabat itxita" egongo da.
eitb.eus
Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako (Bizkaia) udalek mezu bateratua kaleratu dute, uztailaren 22an, Madalen egunean, ez dela jairik egongo azpimarratzeko eta jende multzoak eragozteko. Horrela, "neurri zorrotzak" iragarri dituzte.
Mikel Bilbao, Jesus Mari Ziluaga, Patxi Egurrola eta Aritz Abaroa Mundaka, Ibarrangelu, Elantxobe eta Bermeoko alkateek, hurrenez hurren, agerraldia egin dute Bermeon.
"Egoera berezia bizitzen ari gara, gorabeheraz eta ziurgabetasunez beteriko egoera", azpimarratu du Aritz Abaroak prentsaurrekoan. "Koronabirusak gure egunerokotasuna aldatu du", erantsi du. "Aparteko egoera honek aparteko neurriak hartzera behartzen gaitu", esan du.
"Madalen egunean ez da jairik egongo", jakinarazi du Bermeoko alkateak. "Beste ahalegin bat eskatzera gatoz", erantsi du. "Argi izan behar dugu jokoan dagoena gure osasuna da", azaldu du.
Besteak beste, pertsonen joan-etorriak kontrolatuko dira, Bizkaibusen zerbitzuan aldaketak egongo dira, taberna eta jatetxeetako aforoak eta neurriak kontrolatuko dira, osasun-neurriak betetzen diren zainduko da eta tabernen ordutegietan aldaketak egongo dira.
Izaron ikurrina eta Bermeoko bandera jarri eta teila bota besterik ez dute egingo, zehaztu duenez. Agintariek ez dute Elantxobe eta Mundakara bisitarik egingo. "Protokolozko ekintza xume bat izango da", nabarmendu du Abaroak.
Portua "erabat itxita"
Bestalde, Patxi Egurrola Elantxobeko alkatearen esanetan, herriko portua "erabat itxita" egongo da. "Sekula hartu ez den erabakia da", azpimarratu du. "Ezingo da itsasoz inor sartu Elantxoben, Elantxobekoa ez baldin bada", esan du.
Era berean, "kalean musikarik ez da egongo, ezta txosnarik ere", esan du Egurrolak. Aglomerazioak gertatzen badira, "arrisku txikiena bada ere, herria itxi eta hustu egingo dugu", ohartarazi du. "Ez da jaieguna", errepikatu du.
Azkenik, Ibarrangeluko eta Mundakako alkateek errepideetan Ertzaintzaren kontrolak izango direla jakinarazi dute.