Gizartea -
ERRESKATEA
15 metroko ezponda batetik eroritako 59 urteko iruindar bat erreskatatu dute Liebanan
Immobilizatu ostean, Valdecillako Ospitalera eraman zuten, 15 metroko erorketan egindako lesioak artatzera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibileko agenteek eta Kantabriako suhiltzaileek 59 urteko gizon iruindar bat erreskatatu dute. Biktima 15 metroko ezponda batetik Bullón ibaira erori zen, Framan (Cabezón de Liébana).
Kantabriako Gobernuaren 112 larrialdietarako zerbitzuak asteazkeneko 13:30 aldera jaso zuen gertatutakoaren berri, eta suhiltzaileek Guardia Zibilarekin batera jardun behar izan zuten erreskate lanetan.
Gizona aurkitutakoan, agenteak biktimarenganaino iritsi ziren, soka bat erabiliz. Lesioak ez larriagotzeko, zauritua immobilizatu egin zuten, eta, ondoren, erreskate bertikala eginez atera zuten bertatik. Biktima beste gizon batekin zegoen, eta hark deitu zien larrialdietarako zerbitzuei.
Lehen laguntza istripua izan zuen tokian bertan eman ostean, zauritua Valdecillako Ospitalera eraman zuten, 15 metroko erorketan egindako lesioak sendatzera.