Gizartea -
Genero indarkeria
Eibarren emakume bati eraso egin zion gizona Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute
Ustezko erasotzaileak 17 urte ditu, eta genero-indarkeria eta lesioak egotzi dizkiote. Emakumeari bide publikoan egin zion eraso, asteartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteartean Eibarren (Gipuzkoa) emakume bati arma zuri batez egindako erasoaren ustezko egilea Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri dute gaur, osteguna, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ustezko erasotzaileak 17 urte ditu, eta Eibarko ertzain-etxean entregatu zen atzo, eraso matxistaren biharamunean. Emakumeari, bide publikoan egin zion eraso, Sostoatarren kalean. Segurtasun Sailak azaldu duenez, bikotekidearengana hurbildu eta bortizki jo zuen, biktimaren semea eta lekuko bat ondoan zituela.
Aurpegian eta buruan hainbat kolpe eman ondoren, erasotzaileak emakumea lurrera bota eta bertatik ihes egin zuen, baina handik minutu batzuetara itzuli zen eta labana batekin eraso zion berriro biktimari, hankan zauri bat eraginez.
Une horretan inguruan zeuden herritar batzuek gertatutakoaren berri eman zioten Ertzaintzari, eta zenbait patruila bertaratu ziren. Osasun arloko langileek emakumea artatu zuten, eta osasun zentro batera eraman zuten anbulantzian.
Lekuko baten grabazioari esker (emakumeak semea ondoan zuela jasan zuen erasoaren zati bat ikusten da bideoan), erasotzailea identifikatu eta hura bilatzeko dispositibo berezi jarri zuten martxan, ustezko erasotzailea ez baitzegoen haren etxean.
Atxilotuari genero-indarkeria eta lesioak egotzi dizkiote, eta Ertzaintzaren egoitzan egon da gaur goizeko lehen ordura arte. Ondoren, Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute, horrek hartu baitu bere gain kasua ikertzeko ardura.