Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek emakume bati eraso dio Errigoitin

Gizonak sulfatatzeko likidoa bota zion aurpegira, eztarrian eta azalean kalteak eraginez. Udalak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, 20:00etan, Uria auzoan.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 urteko gizon bat inputatu dute Errigoitin (Bizkaia), genero indarkeria delitua egotzita, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Udalak igandean, uztailak 5, izandako eraso matxista gaitzetsi du eta babesa adierazi dio emakumeari.

Udalak ohar batean azadu duenez, erasoa igande iluntzean jazo zen, Aikarangoerrota baserriaren inguruan. Emakumea bikotekide ohiaren etxera joan zen alabaren bila, baina gizonak sulfatatzeko likidoa bota zion aurpegira, eztarrian eta azalean kalteak eraginez.

Udalaren arabera, ez da gizon horrek emakumeari eraso egiten dion lehen aldia, eta elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, 20:00etan, Uria auzoan. Ildo horretatik, Udalak bere "gaitzespenik eta sumindurarik handiena" adierazi du gertakari horrengatik, eta adierazi du emakumeen aurkako indarkeria, "modu guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala), emakumeen duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria dela, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina".

Errigoitiko Udalak gogorarazi du "eraso sexistak eta sexualak gizartean eta eguneroko bizitzan gertatzen den indarkeria matxistaren beste isla bat direla, bai esparru publikoan bai pribatuan, eta, horregatik, emakumeekiko errespeturik gabeko edozein jokabide mota gaitzesten du, keinu eta jarrera sexistetatik hasi eta muturreko erasoetaraino".

"Gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, bereziki etorkizuna ordezkatzen dutenekin, gure herritar gazteenekin. Gogor gaitzetsi behar dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria mota; salatuz, ez onartuz, isilik ez geratuz eta erasoa jasan duenari babesa eta laguntza emanez", gaineratu du Udalak.

Hori dela eta, Udalak azpimarratu nahi du horrelako gaitzespenek ez dutela ezertarako balioko "ez badugu barneratzen berdintasun, prebentzio, heziketa eta, batez ere, errespetu gehiagorekin bakarrik lortuko dugula emakumeek eta neskatilek momentu oro eta toki orotan pairatzen dituzten indarkeria eta jarrera matxistekin amaitzea".

"Eraso horrek berriz ere aurre egiten dio erakundeek eta gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunari. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezin gara konplize izan. Horrelako jarreren aurrean zero tolerantzia eta zigorgabetasun jarrera izan behar dugu", azpimarratzen du Udalak oharrean.

Tratu txarrak pairatzen badituzu, edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak, eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa