Gizartea -

Sanferminak 2020

"Los Viviremos" lemapean, 2021eko sanfermiñei begira jarri da Iruñeko Udala

Musukoak eta segurtasun distantziak aurten arropa zuri eta lepo-zapi gorriei batu zaizkie bederatzi eguneko festak eztanda egin behar zuen unean.

Udaltetxe Plaza sanferminen hasiera unean. Irudiak: EiTB.
Udaltetxe Plaza sanferminen hasiera unean. Irudiak: EiTB.
Edukiera beteta, hainbat lagunek ospatu dute udaletxe plazan San Fermin bezpera

2:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 6a, eguerdiko 12ak, iruindarrentzat urteko unerik garrantzitsuena, 2020ko sanferminei hasiera eman behar zitzaien unea aukeratu du Iruñeko Udalak "Los Viviremos" lema duen lepo-zapi handi bat erakusteko.

COVID-19aren ondorioz aforu mugatu batek disfrutatu ahal izan du momentuaz, eta txalo-zaparrada batez eta oihuez ospatu dute. Txaloak hiriko hainbat puntutara zabaldu dira, hamaiketakoa egiteko prest zeuden iruindarren artean.

Musukoak eta segurtasun distantziak aurten arropa zuri eta lepo-zapi gorriei batu zaizkie bederatzi eguneko festak eztanda egin behar zuen unean. Aurten, koronabirusa dela eta, Gerrra Zibila izan zenetik lehen aldiz, festak bertan behera geratu dira.

Oraindik ere nabaria da jende pilaketak gertatu eta gaixotasuna transmititzeko beldurra. Horren ondorioz, ez Iruñeko Udalak, ezta peñek ere, aurten ez dute ekitaldirik antolatu sanferminak izan beharko luketeen egunetarako. Udalak ezohiko neurriak hartu ditu pilaketak kontrolatzeko, eta polizia munizipalak, bere aldetik, hiriko hainbat puntutan kontrolak ezarri dituzte ordena publikoa bermatzeko.

Horrekin batera, Alde Zaharrera pasa ahal izateko zenbait jarraibide ezarri dira. Bertako aforua kontrolatzeaz gain, musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da, eta ezin dira gainean eraman ez botilarik, ezta osasuna, higienea edota segurtasuna arriskuan jar litzaketen objekturik ere.

Iruñeko alkateak "erantzukizuna" eskatu du, baina "sufritzea saihestezina da"

Enrique Maya Iruñeko alkateak "erantzukizuna" eskatu die herritarrei, bertan behera utzitako sanferminak ospatzen egon beharko liratekeen egunetan COVID-19az kutsatzeko arriskua saihesteko; izan ere, une horretan "hunkitzea eta sufritzea saihestezina da", baina "ondo amaituko da".

Mayak udaletxeko aretoan egin duen agerraldian esan duenez, gaur txupinazoa bota beharko litzateke, eta alkateak "hunkituta" dagoela onartu du, "hain une berezia" bizi duelako, "erraza ez den" mezu bat herritarrei helarazteko, "aurten sanferminik ez dagoelako", alegia.

Jaiak bertan behera uztea "guztiz beharrezkoa den ekintza" da, eta "erantzukizun izugarrian" oinarritzen da, adierazi du Mayak Iruñeak ez ziola utzi Gerra Zibilaz geroztik bere jaiak ospatzeari gogora ekarri ostean, eta "une zail honetan Iruñeko alkatea izatearen harrotasuna" definitu ondoren.

"Zuhurtzia eta osasun publikoarentzako lehentasuna" izan dira bertan behera uztea erabaki zutenetik jaiak ez ospatzea lehenetsi duten argudioak, eta azken asteotan Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta jaiei lotutako beste talde batzuek bat egin dute mezu horrekin.

Mezu bera eta 2021eko sanferminak are hobeak izateko nahia dira nagusi egun hauetan Iruñera joaten diren hainbat herrialdetako pertsonekin grabatutako bideo batean. Aurten ez dira hirian izango, eta "Biziko ditugu" leloa errepikatu dute, hurrengo sanferminei erreferentzia eginez.

Ez da aurten izango, "birusak eraso egiten du eta zuhurtzia handiz jokatu behar dugu. Nafarroako eta Espainiako gainerakoen begiak Iruñean daude une honetan", esan du, herritarrek beren jokabidearekin emango duten erantzun eredugarriaz zalantzarik ez izateko: "Ziur naiz izugarrizko zentzu zibikoa egongo dela gaur eta San Fermin jaiekin bat egiten duten egun guztietan".

Nolanahi ere, "ordu hauetan, albistea ez dagoela albisterik da, ez dago gertakari aipagarririk", esan du, udaletxerako eta Gaztelu plazarako sarbideetan polizia-kontrolak ezarri direla gogorarazi ostean. Izan ere, horietan zenbaketa bat egiten da, edukiera kalkulatua baino pertsona gehiagori sartzen ez uzteko, pertsona bat 2,25 metro karratuko.

Horrekin guztiarekin, "gauzak ondo eginda daude, eta ziur nago ondo bukatuko direla, arduraz. Herritarren garaia da, eta badakit hau ondo bukatuko dela", adierazi du Mayak, eta "Gora San Fermin" batekin amaitu du hitzaldia.

Nafarroako Gobernuak gizartearen jokabidea eskertu du

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramailea "oso pozik" agertu da, "hunkituta", COVID-19aren pandemiaren ondorioz 2020ko sanferminetan herritarrek izandako jarrera "eredugarria" dela eta.

Prentsaurrekoan, Remirezek eskertu egin du iruindarrek erantzukizunaren aldeko deiei emandako erantzuna, baita Nafarroako eta Espainiako beste herri batzuetako herritar guztiena ere, "Iruñera etortzeko aukera izanda, ez dutelako egin". Presidenteordeak eskertu egin du "ardura ariketa hori, Nafarroako Gobernutik ez baikenuen zalantzarik horrela izango zela".

Horren harira, gaur goizean Iruñean pilaketa nabarmenik izan ez dela eta "herritar guztien erantzun eredugarria" izan dela jakinarazi du, eta Remirezek espero du uztailaren 14ra arte mantentzea.

Halaber, pozik agertu da ostalaritza sektorearen jarrerarekin, "egoera honetan ere modu erabakigarrian lagundu duelako", eta Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzako langileen eta polizien lana eskertu du.

"Beste behin ere, lankidetzaren balioa nabarmendu da, erakundeen arteko koordinazioarena", esan du presidenteordeak, eta "oso balorazio positiboa" egin du, "Guztiontzat hain zaila den egun honen aurrean Iruñeko herritarrek izan duten erreakzioaren inguruan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Euskal herriak Gaurko albisteak Nafarroan Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala azken ordukoa COVID kasuak Iruñeko Alde Zaharreko albisteak Maskarak koronabirusa Enrique Maya