Gizartea -
TRAFIKO ISTRIPUA
Bi pertsona hil dira Muxika eta Gernika artean, auto eta motor baten arteko istripuan
Arratsaldeko lehen orduan gertatu da istripua BI-635 errepidean eta beste bi pertsona zauritu dira. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaletara eraman behar izan dituzte.
EITB.EUS
Bi pertsona hil dira eta beste bi zauritu gaur arratsaldean BI-635 errepidean, Muxika eta Gernika artean, izan den trafiko istripuan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Antza denez, 16:15 aldera elkar jo dute Yamaha motor batek eta Volkswagen Vento auto batek, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik.
Pertsona bat lekuan bertan hil da eta bigarren bat bertan artatu duten arren, oso larri zegoen eta hil egin da geroago. Hildakoak motorrean zihoan gizona eta autoa zihoan emakumea dira. Beste bi pertsona ere zauritu dira istripuan.
Motorraren gidaria eta autoko bidaiarietako bat ia berehala bertan hil dira zauri larrien ondorioz, eta bi ibilgailuetan zihoazen beste bi pertsona zauritu dira. Gurutzeta eta Galdakaoko ospitaletara eraman behar izan dituzte.
Errepidea erabat moztu eta trafikoa desbideratu behar izan dute. Auto-ilarak izan dira. 19:30 aldera errepidearen bi noranzkoak berriz zabaldu dituzte.
Ertzaintzak ikerketa ireki du gertatua argitzeko.