Gizartea -
COVID-19
Galiziak Lugoko eskualde bat konfinatu du U12rako astebeteren faltan
Agerraldiak 106 positibo pilatu ditu dagoeneko, horietatik 99 kasu aktiboak dira une honetan, batzuk sendatu direlako jadanik. Neurria gauerdian sartuko da indarrean, 14 udalerritan.
Agentzia | Erredakzioa
A Mariñako (Lugo) covid-19 agerraldiari aurre egiteko, Galiziako Gobernuak kostaldeko sarbideak bost egunez ixtea erabaki du, Jesus Vazquez Almuiña Osasun kontseilariak eskualdeko alkateei telematikoki jakinarazi dienez. Agerraldiak 106 positibo pilatu ditu dagoeneko.
Alkateekin bildu ondoren, kontseilariak prentsaurrekoa eman du. Une honetan, 99 kasu aktibo direla azaldu du agintariak, dagoeneko batzuk sendatu direlako.
Vazquez Almuiñak zehaztu duenez, egoerari aurre egiteko neurria gauerdian sartuko da indarrean. 14 udalerritan "eskaera maila areagotuko" dute. Hala ere, barne mugikortasuna posible izango da. Galiziako Gobernuak arauen berri emango du.
Aurreneko kasua ekainaren 23an antzeman zuten Xoven. Orduz geroztik harreman guztiak aztertu dituzte, eta honezkero ehunka PCR proba egin dituzte.
Gonzalo Caballero PSdeGko idazkari nagusiaren hitzetan, agerraldia "eskuetatik joan zaio" Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteari.
"Datozen egunetan kopuruak gora egingo du modu kezkagarrian", adierazi du Caballerok goizean. Sozialistaren ahotan, Galiziako Gobernuak agerraldiari "berandu" erantzun dio.
Alfoz, Barreiros, Burela, Cervo, Foz, Lourenza, Mondoñedo, Ourol, Ribadeo, Trabada, O Valadouro, O Vicedo, Viveiro eta Xoveko udalek zonalde turistikoa osatzen dute. Eskualdeak 70.000 bizilagun baino gehiago ditu.
Neurriak
Udalerri barruan mugitzea posible izango da, baina kanpoan ez, lanera joateko ez baldin bada; taberna eta aisialdi zentroetako edukiera % 50era mugatuko dute. Era berean, irekitzeko eta ixteko ordutegiak zorrotz bete beharko dituzte.
Bileretan hamar pertsona biltzeko aukera izango da; eta oro har, toki itxietan, 60 pertsona, eta kalean, 150.
Egunero egoera aztertuko dute, eta neurriak arinduko dituzte posible baldin bada. Alfonso Rueda Galiziako Gobernuaren presidenteordeak Espainiako Gobernuak Galizian duen Ordezkaritzari jakinarazi dizkio neurriak dagoeneko.
Positiboek ezin izango dute botorik eman
Positibo eman duten pertsonek ezin izango dute botorik eman igandean, Osasun kontseilariak esan duenez. Koarentenan dauden harremanek, aldiz, boza eman ahal izango dute beharrezko segurtasun neurriak hartuta.
Zentzu horretan, positiboren batekin harremanetan egondako “pertsona osasuntsuak” direla gogorarazi du Almuiñak. Sintomak garatzen dituzten ikusteko jarraipena egiten diete. Tarte horretan bakartuta egon behar dira.
“Pertsona horiek botoa eman ahal dute. Positibo batekin harremanetan egondako batek, noski, boza eman dezake”, azaldu du kontseilariak. Botoa ematea “oinarrizko eskubide bat” dela gogorarazi du. “Hauteslekura maskara jantzita joan daiteke, eta etxera itzuli koarentenarekin jarraitzeko”, gaineratu du. “Positibo batek ezin du”, baieztatu du jarraian.
Norbaitek sintomarik badu, baina PCR probaren emaitzaren zain baldin badago, “positibo” bezala hartuko dutela zehaztu du, neurriak aplikatzeko orduan.