Gizartea -
Gipuzkoa
Kamioilari bat hil da GI-636 errepidean, Irun parean, lau ibilgailuren arteko talkan
Istripua 09:40 aldera jazo da, Hendaiako noranzkoan. Trailer batek eta kamioi batek aurrez aurre egin dute talka. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi dituzte eta auto-ilarak sortu dira.
eitb.eus
Kamioi baten gidaria hil da ostegun honetan GI-636 errepidean, Irun parean (Gipuzkoa), hainbat ibilgailuk talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Istripua 09:40 aldera jazo da, Hendaiako noranzkoan, trailer batek eta kamioi batek aurrez aurre talka egin dutenean. Segurtasun Sailak azaldu duenez, jarraian, kamioiaren atzetik zihoazen bi autok istripua izan duten bi ibilgailu horien aurka egin dute talka.
Istripuaren ondorioz, kamioiaren gidaria hil egin da, eta talka egin duten bi autoetan zihoazen hiru lagun arin zauritu dira.
Hori dela eta, bi errei itxi dituzte Hendaiako bidean eta auto-ilara handiak sortu dira inguruan. Halaber, auto-ilarak sortu dira Ipar Euskal Herritik eta Nafarroa iparraldetik gertu dauden beste bide batzuetan.