Gizartea -
Euskarabidea
6.800 euskal hiztun gehiago egon ziren Nafarroan 2016 eta 2018 artean
Adinaren araberako euskararen ezagutzari dagokionez, 1991 eta 2018. urteen arteko eboluzioak adin-talde gazteenetan igoera nabarmena adierazten du.
EiTB
Euskarabideak argitaratutako Nafarroako Datu Soziolinguistikoen txostenak jaso dituen ondorio nagusien arabera, 6.800 euskal hiztun gehiago egon ziren Nafarroan 2016 eta 2018 artean, guztira 75.810 euskaldun izan baitziren. Horrez gain, datuek erakusten dutenez, 43.000 nafar gehiagok ulertzen dute euskara.
Txosten horretan, euskararen ezagutza maila, biztanleriaren lehen hizkuntza, euskararen erabileran akreditazioa, bestelako hizkuntzen jakinduria eta euskal hedabideen kontsumoa aztertzen dituzte.
Bestalde, Nafarroako euskal hiztunen gehiengoa eremu euskaldunetatik kanpo bizi da. Zehazki, 75.810 euskaldunetatik 29.459 eremu euskaldunetik kanpo bizi dira, 42.551 eremu mistoan eta 3.800 eremu ez euskaldunean.
24 urtetik behera dituzte euskaldunen % 24,5ek
Euskararen ezagutza adinaren arabera aztertuta, 1991 eta 2018. urteen arteko eboluzioak adin-talde gazteenetan igoera handia islatzen du. Izan ere, 16 eta 24 urte arteko nafar gazteen % 24,5 euskaldunak dira. Ehuneko hori murriztu egiten da adinak aurrera egin ahala: 25 eta 34 urte bitartekoen artean, % 21,8 dira euskal hiztunak; eta 35 eta 49 urte arteko pertsonen artean, % 14,1ek egiten du euskaraz. 50 eta 64 urte arteko pertsonen artean, % 10,9k egiten dute, eta % 8,4k, berriz, 65 urtetik gora dituzten biztanleen artean.
Euskararen erabilerari dagokionez, nafarren % 11,8k erabiltzen dute modu intentsiboan eguneroko bizitzan. Erabilera horrek % 13,9ra egiten du gora 16 eta 24 urte bitartean dituzten gazteen artean. Beste adierazle batzuetan, 2016 eta 2018 artean euskara erabiltzen duten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan.
2018ko datuen arabera, euskal hiztunen % 35,5ek euskara maila akreditatu dute, eta gazteenen artean guztien % 50 dira egiaztagiria lortu dutenak.