Gizartea -
Egoera ekonomikoa
Lehendakaria: 'Hezkuntzan ez inbertitzeak porrota dakar'
Patxi Lopezek EHUko ikasturtearen hasiera ekitaldian adierazi duenez, unibertsitatea zerbitzu publikoen itomen egoera orokorretik salbu egon behar da.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, egungo krisi ekonomikoaren eta gastu murrizketaren testuinguruan, unibertsitatea "zerbitzu publikoen itomen egoera orokorretik salbu egon behar da”, eta Eusko Jaurlaritzak "hori” egingo duela adierazi du.
"Hezkuntza irtenbide ororen oinarria eta krisiari aurre egiteko bidea da; hori da gure lehentasuna, eta guztiok horretan lan egin behar dugu", esan du lehendakariak EHUko 2011-2012 ikasturtearen hasiera ekitaldian.
Patxi Lopezek egoera ekonomikoa izan du mintzagai, eta egungo sistema gastuak murriztuta soilik mantenduko ez dela azpimarratu du, hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk murrizteko unea helduko litzatekeelako.
Lehendakariaren hitzetan, zerbitzu publikoak berritu egin behar dira, "beren eraginkortasuna handitzeko"; halaber, zerga sistema aldatzeko eskatu du.
Unibertsitatea, zerbitzu publikoa denez gero, egoera ekonomiko horretatik salbu ez dagoela esan du; ildo horretan, "hezkuntzan inbertitzea garestia da, baina ez egiteak porrota dakar", lehendakariaren ustez. Hartara, unibertsitatea zerbitzu publikoen itomen egoera orokor horretatik kanpo uztea eskatu du.