Gizartea -
Koronabirusa
Ekainean bost egoiliar hil dira Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusaren ondorioz
Pandemiaren hasieratik 290 pertsona hil dira Bizkaiko zahar-etxeetan COVID-19aren ondorioz. Horrez gain, uneotan koronabirusa duten bi gaixo daude Bizkaiko zahar-etxeetan.
Agentziak | Erredakzioa
Ekaineko lehen bi asteetan bost egoiliar hil dira Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak asteazken honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Ildo horretatik, koronabirusak eragindako pandemiaren hasieratik 290 pertsona hil dira jada Bizkaiko zahar-etxeetan COVID-19aren ondorioz. Horrez gain, hilabete honetan zenbatutako beste 32 heriotza koronabirusarekin zerikusia duten aztertzen ari dira.
Gaixoei dagokienez, gaur egun koronabirusa duten bi pertsona daude Bizkaiko zahar-etxeetan, eta lau egoiliarrek ospitalean jarraitzen dute.
Bestalde, ekaineko lehen bi asteetan 602 egoiliar sendatu dira Bizkaian. Hain zuzen ere, gaitza atzemateko detekzio-probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak dira.
Bizkaiko zahar-etxeetako langileei dagokienez, 20 gaixo daude, bost gutxiago, eta 85 langile isolatuta daude, kutsatu direla baieztatu gabe.