Gizartea -
Euskara
Ekitaldi jendetsuak bueltan dira EAEra: gaurtik aurrera, HABE azterketak
Ekainaren 12tik 19ra bitartean, euskarazko B2, C1 eta C2 hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egingo dira Barakaldon, BECen. Jaurlaritza "oso pozik", ikasleen sarrera "oso ondo" joan delako.
eitb.eus
Barakaldoko Bilbao Exhibition Centrek (BEC) euskarazko B2, C1 eta C2 hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko lehen probak hartuko ditu gaurdanik. Izan ere, HABEren aurtengo lehen deialdiko azterketak ekainaren 12tik 19ra bitartean egingo dira erakustazokan. Horrela, koronabirusak eragindako pandemia hasi zenetik Euskadik hartuko duen lehen ekitaldi jendetsua izango da.
Testuinguru horretan, maila bakoitzari dagozkion probak egun jakin batzuetan egingo dira:
- C1 maila (deialdi irekia): ekainak 12 eta 13- C1 maila (euskaltegietako ikasleen deialdia): ekainak 15, 16 eta 17- C2 maila (euskaltegietako ikasleen deialdia): ekainak 16- B2 maila (euskaltegietako ikasleen deialdia): ekainak 18 eta 19
Jaurlaritza, "pozik"
Azterketak abiatuta, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea "oso pozik" azaldu da, ikasleen sarrera "oso ondo" joan delako ostiral honetan. BECen sarreran azaldu duenez, "17-18 urteko gazteak dira, C1ekoak, deialdi irekikoak, eta oso ondo errespetatu dituzte distantziak, musukoak jarrita ekarri dituzte, tenperatura hartuta, eta eskuak garbitu dituzte geletara sartu aurretik. Oso ondo joan da eta espero dugu aste osoan zehar horrela joatea".
Ildo horretan, BECek eskaintzen duen azpiegituraren "segurtasuna" nabarmendu du Hizkuntza Politikako sailburuordeak, "osasuna delako gauzarik garrantzitsuena une honetan, eta ikusten dugu zelako azpiegitura zabalak diren". "Ea aste osoan zehar horrela doan kontua", adierazi du.
Egun bakoitzean, bi azterketa-saio antolatuko dira (goizean bata eta arratsaldean bestea), saio bakoitzak bi txanda izango ditu, eta ordubeteko aldearekin deituko dira, BECeko sarreran jende-pilaketak saihesteko.
Ildo horretatik, txanda bakoitza BECeko pabiloi batean arituko da. Pabiloi bakoitzean, mendien eta ibaien izenekin identifikatuta egongo diren sei azterketa-gela bereiziko dira (80 pertsona izango dira gehienez gela bakoitzean). Geletan, 2 metroko gutxieneko distantzia bermatuko da azterketa egingo duten pertsonen artean. Azterketa-txanda bat bukatu eta hurrengoa hasi baino lehen, gela, pabiloi, komun eta igarobide guztiak garbitu eta desinfektatuko dituzte.
HABEko azterketetara aurkezten diren pertsona guztiek segurtasun-neurriak izan beharko dituzte kontuan.
Azterketa egin aurretik
- Sintomei erreparatu: Proba egunaren bezperan eta egunean bertan, tenperatura hartu eta arnas-sintomarik den zaindu. COVID-19arekin bateragarriak diren gaixotasun-sintomak dituztenek galarazita dute aztertokira joatea.
COVID-19ak kutsatutako azterketariek edo sukarra edo sintomak dituztenek medikuarengana jo eta ziurtagiria eskatu beharko dute azterketara aurkeztu ez izana zuritzeko. HABEk aztertu egingo ditu ezinbesteko eta ezusteko arrazoiengatik jasotzen dituen eskaerak, eta, ahalbideen arabera, proba egiteko beste egun bat deituko du, deialdiaren egutegiaren baitan.
- Ondo begiratu proba egiteko eguna, ordua eta gela: HABEren webgunean argitaratuko da azterketari bakoitzari egokitu zaion eguna, ordua eta gelaren izena. Horiek ikusteko, azterketari bakoitzak norbere erabiltzaile eta pasahitzarekin hasi beharko du saioa.
- Musukoa eskuratu: Azterketariak berak etxetik eraman beharko du bere musukoa (maskara). BECeko eremu osoan (aparkalekuan barne) ezinbestean eraman beharko da musukoa jarrita.
- Materiala prestatu: Azterketari bakoitzak bere materiala eraman beharko du proba egiteko. Gogoan izan erantzun-orrietan boligrafoz idatzi behar dela.
- Prebentzio-neurriak bete: Azterketariak, bere mugimendu guztietan, pertsonen arteko 2 metroko distantzia gorde beharko du.
Aztertokira bertaratzea
- BECeko aparkalekua: BECeko aparkalekua doakoa izango da azterketarientzat, azterketak irauten duen bitartean. Aparkatu ondoren, BECera sartzeko kanpora irtengo dira azterketariak, horretarako propio ezarritako seinaleei jarraituz. Azterketa amaitutakoan, autoa aparkalekuan utzi duten azterketariek lehenbailehen atera beharko dute kotxea, beste txandetako azterketariei lekua egiteko.
- Garraio publikoa: BECera garraio publikoan bertaratuko diren azterketariei dei egiten zaie garraio publikoan indarrean dauden arauak errespeta ditzaten, eta BECera gerturatu ahala ere pertsonen arteko 2 metroko distantzia gorde dezaten, pilaketak saihesteko.
- Talde-garraioa: BECera joateko autobus-zerbitzuak kontratatu dituztenei jakinarazten zaie autobusetik jaitsitakoan ezingo direla egonean geratu BECen aurreko zabalgunean. Azterketa egiteko txanda daukatenak aztertokira sartu beharko dira, eta gainerakoak BECeko zabalgunetik aldendu beharko dira, pilaketak saihesteko.
Aztertokira sartzea
- Ate-irekiera: Pilaketak eta alferrikako itxaronaldiak ekiditeko, gomendatzen da proba hasi baino ordubete baino lehenago ez joatea aztertokira. Sarrera egoki eta patxadaz egin ahal izateko, nahikoa da 20 minutu lehenago egotea bertan. BECeko sarrera nagusitik sartuko dira azterketariak, eta 12 ate edukiko dituzte horretarako. Azterketariek pertsonen arteko segurtasun-distantzia gorde beharko dute sartzean eta sarrerako eskailerak igotzean (eskailera arruntak eta mekanikoak daude).
- Azterketariak bakarrik sartu ahalko dira BECera: Azterketarien senideak edo hurkoak ezingo dira aztertokira sartu, eta BEC aurreko zabalgunean egonean ez egoteko eskatzen zaie.
- Musukoa: BECeko aparkalekuan edo eraikinean sartzeko, azterketariak musukoa jantzita eraman beharko du, derrigor.
Aztertoki barruan
- Joan-etorriak: Igarobideetan, zirkulazioa norabide bakarrekoa izango da, eta argi adierazita egongo da.
- Eskuen higienea eta segurtasun-distantzia: Gelara sartu baino lehen, gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dituzte eskuak azterketari guztiek, horretarako propio ezarritako eremuan. Lurrean, 2 metroko tartea markatzeko seinaleak jarriko dira, egonean itxarotea egokituz gero, segurtasun-distantzia errespetatzen dela bermatzeko.
- Norbere gelara sartzea: Txanda bereko azterketari guztien gelak pabiloi berean egongo dira, hiru gela pabiloiaren ezkerraldean eta beste hiru pabiloiaren eskuinaldean. Azterketariak pabiloian sartzean, informazio-panelean begiratu beharko du zein aldetan dagoen bere gela, eta, horren arabera, eskuineko edo ezkerreko eskailerak erabiliko ditu (arruntak edo mekanikoak).
- Gelan: Azterketa-gelara iristean, jagoleak zehazten duen lekuan jesarri beharko da. Azterketarien artean, bermatuta egongo da 2 metroko distantzia, gutxienez.
Azterketa egin bitartean
- Prebentzio-neurriak: Azterketa egin bitartean, derrigorrezkoa da osasun-neurri guztiak errespetatzea (musukoa, pertsonen arteko distantzia).
- Materiala: Azterketari bakoitzak bere materiala eraman beharko du proba egiteko, eta ezingo du beste inorekin partekatu. Gogoan izan proba boligrafoz idatzita eman behar dela.
Irteera
- Azterketa bukatu ahala: Azterketa bukatzeko 10 minutu falta diren arte, azterketa amaitu duten azterketariek gelako irteera-ateak erabiliko dituzte bertatik irteteko.
- Denbora amaitzear dagoela: Azterketa amaitzeko hamar minutu falta direnean, azterketariak ezingo dira euren kasa irten gelatik, eta proba egiteko denbora bukatu arte itxaron beharko dute. Azterketa amaitzean, jagoleek agindu ahala irtengo dira gelatik.
- Irteerarako protokoloa: Gelako irteera-atean, azterketariek eskuak garbitu beharko dituzte gel hidroalkoholikoarekin, eta zirkuituak markatutako norabidea errespetatu beharko dute gelatik, pabiloitik eta BECetik irteteko.
- Bertaratze-ziurtagiria: Proban parte hartu duten azterketari guztiei bertaratze-agiria bidaliko zaie posta elektronikoz.