Gizartea -

Etxebizitza

Iruñeak 500 etxe jarriko ditu gazte alokairurako eta larrialdietarako 2020-23 planean

765 etxebizitza eraikiko dituzte gazteen eta adinekoen alokairurako, eta larrialdi eta bestelako egoeretarako.

Iruñea. Argazkia: EiTB
Iruñea. Argazkia: EiTB
Iruñea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalaren 2020-23 Etxebizitza Estrategiak 500 etxebizitza aurreikusten ditu gazteen alokairurako, larrialdietarako eta hiria biziberritzeko, Babes Ofizialeko Etxebizitzez gain, Enrique Maya alkateak prentsaurreko batean jakinarazi duenez.

Estrategiak lau helburu nagusi ditu: gazte alokairuko pisuak sustatzea, etxebizitzak eta hiri eremuak birgaitzea, etxebizitza babestuak eraikitzea eta hutsik dauden udal pisuak alokatzea.

Zenbakitan, 765 etxebizitza eraikitzea jasotzen du planak gazte alokairurako, adinekoentzat, bizitoki larrialdietarako eta beste hainbat egoeratarako, eta bizitoki larrialdietarako etxebizitza eremu bat eraikitzearekin osatuko dute.

Horrez gain, babes ofizialeko 115 etxebizitza eraikiko dituzte, irabazi asmorik gabeko erakundeekin egindako hitzarmenen bidez; eta NUPen inguruan, babestutako 140 etxebizitza berri inguru batu ahal izango dituzte. Gainera, beste 758 etxebizitza libre har ditzaketen partzelak ere badaude.

Birgaitzeari emango zaion laguntza diru-laguntzen gehikuntzan eta Alde Zaharreko 35 etxebizitzatan egingo den jardueran islatuko da.

Laburbilduz, alkateak adierazi duenez, "asmo handiko proiektu hau aurrera eramateko, Iruñeko Udalak gutxi gorabehera 1.850 etxebizitza har ditzaketen lursailen udal ondarea du".

Zehazki, alokairurako 331 etxebizitza eraikiko dira gazteentzat, 99 etxebizitza adinekoentzat, 66 etxebizitza bizitoki larrialdietarako eta 253 etxebizitza beste alokairu mota batzuetarako.

Gainera, Gridillasko orubean 16 etxebizitzako bizitoki eremu bat eraikitzea aurreikusi dute.

Era berean, San Jorgen adinekoentzako 99 etxebizitza eraikitzeko proiektuari ekingo zaio berriro.

Azkenik, alokairuko etxebizitzari bultzada emateko, udal jabetzako 66 etxebizitza gaituko dira, bizitoki-larrialdiko egoerei erantzuteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Enrique Maya Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala Etxebizitza