Gizartea -
Indarkeria matxista
Zarauzko ezker abertzaleko kide batek emakume bati abusuak egin zizkiola salatu dute
Erasoa abenduan gertatu zen, herriko tabernan. Ostegunerako, gaitzespen-elkarretaratzea deitu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Zarauzko ezker abertzaleko zinegotzi ohi batek sexu-abusuak egin omen zizkion 19 urteko emakume bati, Danba Gazte Asanblada gazteen taldeak jendaurrean salatu duenez. Biktimak herriko tabernan egiten zuen lan, zerbitzari.
Erasoa abenduan gertatu zen, eta talde horrek, biktimak berak, Arrano tabernako zenbait langile ohik, militante feminista batzuek eta biktimaren inguruko hainbat pertsonak eman dute horren berri. Hain zuzen ere, agiria helarazi diote Zarauzko Hitza komunikabideari, eta horren bidez, gaitzespen-elkarretaratzea deitu dute, ostegunerako. Udaletxe plazan egingo dute, 20:00etan.
Oharrean, sinatzaileek azaldu dute Sortuk eta Arranoko Batzordeak ez zutela erantzun egokirik eman gertaturikoaren aurrean, eta erasoa estali eta erasotzailea babestu izana egotzi diete, emakumearen ongizatearen aurretik, interes politikoei eta alderdikoei lehentasuna emateko.
Agiriaren hitzetan, erasoa 2019ko abenduan gertatu zen, aipatu tabernan. Ustez, gizonak biktima jazarri egiten zuen "gau askotan". Erasotzaileak 40 bat urte ditu, eta Zarauzko ezker abertzaleko erreferentea da, baita zinegotzi ohia ere.
Gau batean, azken orduan, gizona barraren beste aldera sartu zen, eta ustez sexu-ukituak egin zizkion emakumeari. Bertan zegoen beste pertsona batek eman zion amaiera egoerari.
Danba Gazte Asanbladaren testuaren arabera, Sortuko egitura nazionala arduratu zen kasua kudeatzeaz. Bitartekari bat izendatu zuten, protokolo bati ekiteko, eta, testuinguru horretan, mahai bat osatu zen; Arranoko Batzordea, Sortuko egitura nazionala eta Zarauzko Sortu zeuden bertan ordezkatuta.
Prozesua burututa, eta COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendua amaituta, asteartean, biktimak berak hala eskatuta, protokoloa bertan behera geratu zela esan omen zion bitartekariak emakumeari, nahiz eta emakumeak ez duen inoiz horrelakorik esan.
Herriko Tabernaren eta ezker abertzalearen izena ez zikintzeko asmoa nagusitu dela salatu dute, eta horretarako, erasoa estali eta erasotzailea babestu dute, testuaren arabera.
Zarauzko Sorturen prentsa-oharra
Zarauzko Sortuk oharra argitaratu du arratsaldeko azken orduan, horren harira. Bertan, alderdiak dio ustezko erasotzailea "behin-behinean kanporatu" zutela ezker abertzaleko guneetatik, eta neurri horrek "indarrean" jarraitzen duela.
Alderdiak adierazi duenez, barne-protokoloak abian jarraitzen du, erasoa gertatu baita, "eta horrek ondorioak ditu"; halaber, ziurtatu du edozein eraso matxista salatuko duela, Arranon zein beste inon gertatu, egilea ezker abertzaleko kide izan zein izan ez.
Ostegun honetako elkarretaratzearekin bat egin du Sortuk, baina, haren iritziz, elkarretaratzearen helburu nagusia da erasoa nola kudeatu den gaitzestea; Sorturen ustez, baina, batzuk Arrano Elkartearen eta ezker abertzalearen izenak zikintzeko baliatzen ari dira erasoa.
Eraso matxistei buruz ebazteko barne-protokoloak hamarkadak ditu, alderdiak azaldu duenez, baina iaz eguneratu dute, eta horren abiapuntua da gertaturikoaren aurrean ikuspegi zuzentzailea, biktima erdian kokatuta; izan ere, ezker abertzaleak, gizartea aldatzearen alde lan egiten duenez, pertsonak alda daitezkeela uste du.
Protokoloaren asmoa da prozeduran komunitatea tartean sartzea, eta horregatik hartu dute parte Zarauzko beste eragile batzuek ere, mugimendu feministak, bestek beste.
Zarauzko EH Bilduren oharra
Zarauzko EH Bilduk ere argitaratu du oharra, sare sozialen bidez. Testuan, Sortu, EA eta Alternatiba biltzen dituen koalizioak eraso sexista salatu du, babesa eta elkartasuna agertu dizkio biktimari, eta iragarri du lanean jarraituko duela, orain arte bezala, herrian erasorik egon ez dadin. Horrez gain, osteguneko elkarretaratzearekin bat egingo du Zarauzko EH Bilduk.
Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, erasoa salatzeko, eta protokoloa abiatu du, biktimari laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eskaintzeko, behar baditu.
EAJk eta PSE-EEk zuzentzen duten udalaren esanetan, herritar guztiek dituzte eskubide berdinak, eta, horregatik, emakumeen aurkako edozein indarkeria desagerrarazteko lanean ari da, bai eta errespetua eta elkarbizitza udalerrian bermatzeko ere.
Udalak ere bat egin du osteguneko elkarretaratzearekin.